Astelehen buruzuria beltz bihurtu zaigu. Izan ere, emakume zamari biren heriotzak uzkurtu egin digu barrena. Oraingoz izenak gabeak. 40 urte ingurukoak omen dira hildakoak. Marokoko Castillejos herrikoak. Ohiko jende-oldean suertatu da ezbeharra. Goizaldeko 5:30ak inguruan. Eguna zabaldu orduko.
Harritu egiten gara berria entzutean, baina tamalez, ez da emakume zamariak hiltzen diren lehen aldia. Urrunago joan barik, joan den urtean 4 hil ziren. Izan ere, begiak itxi arren, eguneroko esklabu lana da emakume askorentzat.
Ceuta eta Melilla portu frankoak dira, eta zerga barik heltzen diren salgaiak emakumeen bizkar gainean sartzen dira Marokora. Emakume askok 60 eta 90 kilo arteko zamarekin, guztiz okertuta, kilometroak egiten dituzte, sarritan hamar bat euro tristeren truke.
Sinestezina bada ere XXI. mende honetan horrelako esklabu lana hortxe dugu. Zenbait emakumek euren umeei jaten emateko egiten dute lan hori. Ama ezkongabeak dira batzuk edo alargunak edota bananduak. Kateko azken mailan daudenak, diru sarrerak lortzeko beste modurik ez duten andrak. Ceutan 7.000 eta 9.000 emakume zamari artean omen daude. Melillan berriz, 3.000tik 5.000ra izan daitezke zamariak.
Normalean, Merkataritza atipikoa esaten zaio kontrabando mota honi. Baina, zenbat poltsiko beteko ote dira emakume pobre hauen lan gogorrari esker? Explotazioak ez duela mugarik esan dugu inoiz. Mugako explotazio honek ostera, marka guztiak hausten dituela pentsatzen dut. Eta bihar? Berriro ekingo diote emakumeek horrelako zamak garraitzeari. Noiz arte?
Astelehen buruzuri beltz honetan, Castillo Suaresen poema datorkit burura.
Mugarriez bestaldean
ez du zure abizenak helbiderik;
lore ttikiz betetako parajeak besterik ez daude
eta kanpamenduren bat tarteka.
Mugarriez bestaldean
ez dute poetek kontsulta materialik,
horregatik ez da han poetarik.
Tamalez, emakumeok gara gizartean gehien sufritzen dugunak. Noiz arte?