Barriro be kaleetara urten behar izan dogu
matxismoa eta bere indarkeria salatzeko,
barriro be isilik eta oihuka esan behar izan
dogu nazkatuta gagozala, ez dogula tratu txar
bakar bat onartuko, emakumeen benetako
askatasuna lortu arte isilik geratuko. Barriro
be, emakume erailak izan dira Estatu osoan,
eta bat Bizkaian.
Gurako neuke alkarretaratzeko
beharrik egongo ez balitz, gurako neuke
kontzentratzeko derrigorrik ikusiko ez bagendu.
Horrek esango leuke kontzentrazio eta
adierazpenen bidez salatzen doguzanak errotik
desagertu dirala. Gurako neuke…
Ez da erosoa hamabost minutuz kalean
geldi eta isilik egon beharra. Gainera, ordu
txarra izaten da beti, lanetik zatozela eta
umeak batu behar dozuzala, hurrengo
egunerako gauzak prestatu behar dozuzala,
ilobak zaintzen zagozala, errekaduetara joan
behar dozula… Ez, ez dira aitxakiak,
errealitatea da. Lanez eta ardurez gainezka
bizi gara gehienok, batzuetan tarte txikiena
atarateko aukerarik be ez daukagula bizi gara.
Zu bardin antzean ibilten zara, ezta?
Baina batzuetan, ordularia eta agenda
apurtxo bat estutu behar dogu eta hamabost
minututxo atara toki zehatz batean eta
denbora tarte zehatz batean alkartuta eta isilik
egoteko. Bardin da emakumea edo gizona
zaren, gaztea edo adinekoa,
sozialista,abertzale,anarkista,eskuindarreko
edo internazionalista zaren; bardin da inor
ezagutzen ez badozu, bardin da orain arte
kontzentrazioen aurrean ikusle izan bazara.
Hurrengoan, erdu gure taldera.
Konbentzituta nago matxismoa
gorroto dozula, indarkeria arbuiatzen
dozula eta emakume eta gizonen bardintasuna
aldarrikatzen dozula. Horregaitik, hurrengo
batean, “indarkeria matxistari
ez” edo antzekoa esaten dauan
kartelaren atzean ikusten bagaituzu, erdu gure
taldera.
Kontzentrazioak ez dauala ezertarako
balio? Pentsatu dozu zer izango leitekeen
matxismo adierazpen guztien kontra gagozan
guztiak batuko bagina? Ni seguru
nago,Zornotzan behintzat, erdigune osoa
beteko genduala. Horregaitik, hurrengoan,
erdu gure taldera.
Baina, benetan, nahiago dot kaletik
paseatzen, supermerkatuan erosketak egiten,
kafetxoa edo txakolina hartzen edo umeak
zaintzen ikusten bazaitut. Nik ez zaitut
kontzentrazioan ikusi gura. Gurako neuke
kartel bedeinkatu hori betiko gorde beharko
bagendu. Baina, zoritxarra gertatzen bada eta
kartelaren atzean ikusten bagaituzu, erdu gure
taldera. Besoak zabalik izango gaituzu.