Euskara kolpeka galdu eban nire aitak. Etxean ere gazteleraz hitz egiten zan aitite gerra garaian kanpotik etorri zan ta ez ekielako. Errespetua zala esaten eban amamak, baina hori baino gehiago zan, ulertzeko modu bakarra: gazteleraz hitz egitea. 80. hamarkadan jaio nintzan ni, ta euskara izan neban beti ahoan eskolari esker.
Etxean gazteleraz beti, aitak galdu eta amak nahiz eta euskaltegian ikasi, ez daualako inoiz bere burua normaltasunez erabiltzeko prest ikusi, denborarekin garai baten, ni txikia nintzanean, esandako gutxia ere ahaztu egin dau. Baina gaur egun amamak egiten eban bezala nik ere euskaraz hitz egiten dot, idatzi eta bizi. Ez dira ba urte galduak izan hauek, eskolan ikasi neban hizkuntza eta kalean erabili, eta biak, euskara eta gaztelera, nire bizitzaren parte dira, euskañolez aritzen banaz askotan ere (hirugarren partea akaso).
Etorkizunean, hizkuntza biak erabiltzen jarraitu gura neuke. Baina askatasunez, eta ez gaur egun bezala, nire amamaren errespetuagatik edo erraztasunez ulertzeko gaztelerara aldatzera behartuta. Gazteleraz gura dodanean eta euskaraz gura dodanekaz hitz egin gura dot, baina horretarako danak euskaraz hitz egiteko gai izan behar dira etorkizun horretan. Nik euskaraz idazten dodaz hitz hauek, nahiz eta gazteleraz bizi etxean urte askotan, baina berdina egin ahal dabe A ereduan ikasi eta ikasten dabenak? Ez dot uste.
Ez nago ni bakoitzak erabili gura dauan hizkuntza erabiltzearen kontra. Gazteleraz hitz egin gura dauanak gazteleraz egin dagiala, baina askatasunez aukeratzeko, eta euskaldunen herrian gagozanez, biak jakitea beharrezkoa ikusten dot, nik euskaraz hitz egin gura badot besteak ulertzeko, eta gazteleraz erantzun gura badau ere nik ulertuko dodalako. Kalean eta etxeetan aldaketaren alde ere lan egin ahal eta behar da, baina modurik logikoena eta errezana (nirekin funtzionatu izan dauena) eskolan dago. Horregatik, eredu bakarra eskoletan egotea beharrezkoa ikusten dot, gaztelera guztiz baztertu barik baina euskara lehenengo hizkuntza bezala dauana.
Eta ingelesa? Esango dabe batzuk. Ingelesa ere, eta frantsesa eta japoniera gura badozue ere. Zenbat eta gehiago hobeto, aukera gehiago! Baina hemen euskaldunen herrian bizi gara eta euskaraz hitz egiten zan, da eta egingo da.