Hauteskundeak dira gai nagusia egunokaz,
gehienok emaitzen datuetan murgildurik
gaude, halere, emakumeok ezin ahaztu urte
beltz honetan matxismoak eman dizkigun
belarrondokoak; erailketak, erasoak,
salaketak…
Urteak daramatzagu gure gorputzak gure
territorioak direla esaten eta aldarrikatzen.
Emakumeen mundu martxan be ozen oihukatu
genuen, ez dakit ozenago esaterik zegoen.
Arazoaren 25ean ere errepikatu genuen, baina
antza, gorreria handia dago gure inguruan, ze
handik egun gutxira, erasoak jasan zituzten
neska gazte bik Durangon.
Aurrekoak gutxi balira lez, gure
mugimendua kriminalizatu guran, epaitegirako
deia jaso du Durangoko feminista batek, bere
ekintzengatik hain ezaguna den Paul Abasolok
jarritako salaketa baten fruitu. Abenduaren
23an dauka neskak hitzordua epaitegian.
Horrelakoen aurrean pauso bat aurrera eta
bi atzera ematen ditugun sentsasioa izaten
dugu lantzean behin. Zorionez ez gaude
bakarrik, hainbat gizandrek luzatu digu eskua.
Eskerrak!
Haize freskoa ere heltzen zaigu inoiz.
Esate baterako zapatuan Plateruenean
“lokaletik at” jaialdian entzun nuen abesti
batek itxaropena piztu zidan, borrokan
jarraitzeko animoa jaso:
Txikitatik panpinak soineko eta
gonak
ile luze, argal, lirain, akats
gabe
larrosa kolorea azalean
tatuatuz
Jantzi gaituzte ideiak inposatuz.
Erratzak eman, baina ez hegan
egiteko
mundu hontako zikinak
gordetzeko
Sorgin eta piratak izan
nahiaz
etxeko andre bihurtu naute
gaueko beldur dardarak baztertu,
ahaztu
kale kantoietatik mamuen
beldur
ohiturak agintzen dizkidanak
utzi
eta orain bide hontan lagun behar
zaitut
Izaro eta Eider neska gazteak dira
letragileak. Aupa neskak. Erratzak hegan
egiteko ez eze, inguruko matxismoa garbitzeko
ere erabili beharko ditugu oraindik. Ea
bidelagun egokiak aurkitzen ditugun eta denon
artean 2016an parekidetasun arloan pauso
sendoak emoteko kapaz garen.