Euskara irakasle nenbilen saioan kosta egiten zitzaien zenbait ikasleri esne-behia eta behi-esnea bereiztea. Euskararen ordena zaila zela argudiatzen zuten eta trabatu egiten ziren era egokia aurkitu ezinda.
Gaur, beste askotan lez, eskualdeko baserri batera esnetan joan naizenean esne-behiak larrean ikusi ditudanean hiriko ikasle ohi haien akordua izan dut. Zaila da kalekumeentzat, esnea tetrabric-ean baino ikusi ez dutenentzat, esne-behia eta behi-esnea bereiztea. Ez dute horren premiarik ere. Esnea, esnea da eta kito. Halere, esnea ematen duten behiak bertatik bertara ikusiko balituzte erraz ikasiko lukete.
Zein da esnearen jatorria? Askorentzat supermerkatua. Baserrian jaio eta hasi garenontzat, ordea, benetako behi-esnea edatea ederra da eta oraindik egon badago erosteko aukera. Ez da erreza: denbora behar da, batzuetan baserriraino joan, esnea egosi, tromoi egunetan alferrik galdu ez dadin zaindu, eta abar luze bat eskatzen du, baina merezi du.
Umetan esnea edateaz gain, esnegainarekin amak pastelak egiten zituen, edota gurina. Meriendarako ogi gainean esne-telak azukrearekin ere gustura jaten genituen. Merienda gozoa izaten zen. Eskuak latz izaten genituenean, berriz, esne batu berriaren bitsa ematen genuen eskuak lehuntzeko. Uda garaian bezeroak “al pueblo” joaten zirenean gazta egiten genuen. Eta etxeko sagarrekin egindako mermeladarekin jaten genuen.
Orain dena da ezberdin. Garai haiek joan ziren, baina badago oraindik behi-esnea erosteko aukerarik. Ez dakit legala, ilegala ala alegala den. Osasun sailak hainbat oztopo jarri zizkien baserritarrei orain dela zenbait urte. Osasun neurriak aitzakiatzat hartuta, sasoi baten, galarazi egin zuen baserriko esnea betiko eran saltzea.
Ondorioz, plastikoz jositako esne kutxak etxeratzen dira. Egosi beharrik ez du esne horrek. Iraungitze data arazo gutxiago. Gurina plastikozko kutxan edo albalean bilduta erosten dugu. Pastelak izeko Mildrenek egingo dizkigu, agian.
Bitartean baserritarrei huskeria bat ordaintzen diete enpresa handiek. Baserritarrak itota eta mundua plastikoek noiz irentsiko. Aurrerantz ala atzerantz ote goaz?
Arrastion, iruzkin irakurgarria eta polito idatzie, alabaina topiko arrut xamat bat errepikatu. baizen ez dozu eiten. Eta kako asko dagoz agerian naturari aparte egote hori esplikatzeko, edo sikeran aitatuteko. Ze, beitu, osterantsean, oroimin postmoderno ustelak landu besterik ez da egiten. Hori bai, ni ez nago holango eritxiak argitara emotearen aurka, ba zuen lango agerkarietan, ildoa, zaharren erara esanda, BETI BAT, abrozidu be ein leitike bat!