Duela hiru urte brasilgo neska gazte bat ezagutu nuen. Brasilgo toki pobreenetako neska polit horrek lana izango zuela esan zioten. Ondo ordaindua. Guztia atzean utzita bakar-bakarrik etortzera ausartu zen. Hegaldia hartu eta Loiuko aireportuan hartu eta bidaiaren kostua ordaintzeko eta dirurik ez izanak zorra pagatzeko, Club de alterne batean sartu eta hor hasi zen lanean. Mundu hobeago baten bila zetorren Europara. Umetako ametz bat betetzera, hain zuzen ere.
Berarekin telefonoz hitz egiten nuen eta zera esaten zidan, egunero hamabi ordu segidan lan egiten zuela, komunetara joatea ukatzen zietela. Klubetik ez zitezkeen atera ez bazen konfiantzazko norbaitek lagundurik. Horrelako gauzak kontatzen zizkidan. Esklaboak balira bizi ziren. Harritzekoa, XXI. mendean horrelakoak entzutea. Uste nuen esklaboak ez zirela existitzen baina oker nenbilen.
Bere irudia buruan daukat. Bere ile eta begi beltzak, azalaren kolorea ere eta bere gorputz liraina. Gaztea eta oso polita. Hasierako amets europear hura amesgaizto bihurtu da, hainbat neska mutilentzat. Bizitzekorik gabe.
Ez dakit non dagoen ezta bizirik dagoen. Pentsatzen dut baietz baina horrelako kontuak sarritan istorio txarretan amaitzen dira. Badirudi Bartzelonan kokatu eta berehala lortu zuela lana luxuzko Club de alterne batean. Zelan ibiliko da?
Aspaldiko partez ez nuen bere berririk baina egun batean bere deia jaso nuen. Ene! Nitaz gogoratzen da? Ez dut urtetan ikusi, eta! Berehala ezagutu nuen eta kontu kontari hasi ginen, zertan gabiltzan eta zertan ez, eta halako batean agurtzeko deitu zidala esan zidan. Despedida zela, alegia. Etxera itzultzen zela.
Bere Brasil maitera doala esan zidan. Bartzelonan negozio bat zabaldu zuen beste lagun batzuekin. Negozioa aurrera ateratzeko eta bertan bizitzeko pisua ordaintzeko hipoteka bat eskatu zuen. Egoerak okerrera jo du eta hipoteka ordaintzeari uko egin behar izan dio eta gaur egungo egoera jasanezina da. Bizitzekorik gabe eta etxekoei bidaltzeko dirurik ez du. Azken finean, itzultzea erabaki du. Brasilera.
Brasilgo herri txiki batean bere gurasoek duten etxe zahar eta ustel hartara joango da. Bere jaioterrian hemen baino lan gehiago aurki dezake eta dezenteagoa eta soldatak oraindik negargarriak badira ere, gutxienez etxean egongo da, lanean, maite duen tokian eta bere senitartekoetatik gertu.
Halaxe kontatu dit, triste samar, erabakia hartu duen arte hilabete batzuez nora ezean egon dela aitortzen zidan bitartean. Orain, azken hiru urteetan izandako bizitzapen guztiak gogoratuko ditu. Hango bizitzapenak gogorrak izango dira baina hemengoak ere bai. Han libreagoa biziko da, hemen berriz, giltzapean.