Joan den astean, hainbat egunkaritan
‘Osakidetza: euskara aurrerabidean’ izenburua
zuen Jon Darpón Sierra , Eusko
Jaurlaritzako Osasun sailburuaren artikulu bat
irakurri nuen.
Sailburuak honela zioen ‘Gurean,
Osakidetzan, euskal herritarren esanetara
dagoen osasun zerbitzuan, euskararen
erabileraren normalizazioa kalitatearen
seinaletzat daukagu. Bai horixe, kalitatearen,
hurbiltasunaren eta enpatiaren seinaletzat’.
Biharamunean Durangoko anbulatoriora
joan beharra izan nuen eta bertako pediatra
zein harekin zegoen erizainak umeei gaztelera
hutsean hitz egiten zietela ikusi nuen, ez zirela
gai, edo behintzat, ez zietela berba bakar ere
euskaraz egiten umeei, nahiz eta umeen
hizkuntza bakarra euskara izan, horren
aurrean, honakoak datozkit burura:
- Darpón jaunak, kalitatean,
hubiltasunean zein enpatian kalabaza ederrak
ateratzen ditu Durangoko anbulatorioko
pediatria arloan behinik behin.
- Ez dakit Darpón jaunarentzat
aurrerabidea zer den, baina nik ez ditut inondik
inora ikusten aipatzen dituen aurrerabide
horiek, Durangon behintzat.
- Normalizazio plana ere aipatzen du
Darponek eta planak egitea beharrezkoa da
baina normalizazio planek emaitza baikorrak
izan ditzaten, besteak beste, ezinbestekoak
dira helburu eta neurri zehatzak
eta horiek gauzatzeko epe
zehatza, osterantzean beti gaude
leku berean, beti egiten dugu estropezu harri
berarekin.
- Darpon jaunak dio “berotasun
berberak suspertuta euskararen erabileraren
aldeko saio erraldoi honetan partaide
ditut”. Egia esan ez dakit nortzuk izango
diren bere partaideak, Durangoko pediatria
sailekoak ez behintzat.
- Adar jotze hutsa iruditzen zaizkit Darponen
lerro horiek, herritar euskaldunoi barre eta
burla egitea. Saio erraldoi gutxiago eta
normaltasun handiago behar dugu.
- Egia esan, Euskal Herrian Euskaraz
elkarteak hainbat bider salatu du Durangoko
anbulatorioko euskararen erabilera urria eta
euskara bere tokian jartzea errebindikatu izan
du, baina administrazioak entzungor egin du
behin eta berriz.
Oker ez banago, herritarrok izan badugu
familia-medikua eta pediatra
euskalduna eskatzeko
eskubidea, Euskaldunek Euskararen
Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak
(10/1982) ematen duena.
Beharbada eskabide horiek behar den
lekuan egin eta eskubide hori bermatu dadin
pausoak ematen jarraitzea baino ez zaigu
geratzen. Paperean jasota dagoen eskubidea
gauzatu arte, beste herri askotan egin duten
bezala, ekitea izango da bide bakarra.