Gabonetako begiradarik goxoena umeena izaten da, eurek konpartitzen dabe egun honetan bizi izaten dan poztasun eta ilusiorik handiena. Ez dago haurren begirada eta irrifar garbia modukorik.
Nagusitzen joan ahala, nostalgiaren behe-lainoan murgilduta, beste xarma berezi bat aurkitzen deutsiegu egun honei. Etxeak atontzen dira eta kaleetan gabon argiak piztu. Lagun taldeak elkartu eta kanpoan dauzenei mezuak bialdu.
Urtean behin bada be, elkartzeko joera orokorra da, danok agendan tarteak egiteko prest. Jendarteko zorionean parte hartzean azaltzen da benetako zoriontasuna eta horretarako egun aproposak doguz honek. Besarkadak eman eta esker ona partekatzeko.
EAJ-PNV Udal Taldea be zorioneko kate horretan gogor lotuta dago. Atsedenik hartu gabe, HERRIGINTZAn lana eginaz egingo dogu aurrera eta Durangoko datorren urteko hegaldian “txori onek” danok lagun gaitzaten opa dogu.
JAI ZORIONTSUAK BIHOTZ-BIHOTZEZ.
Izarren hautsa egun batean bilakatu zen bizigai,
hauts hartatikan uste gabean noizpait giñaden gu ernai.
Eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera
atsedenik hartu gabe: lana egiñaz goaz aurrera
kate horretan denok batera gogorki loturik gaude.
Pertsonak ba du inguru latz bat menperatzeko premia,
burruka hortan bizi da eta hori du bere egia.
Ekin ta ekin bilatzen ditu, saiatze hortan ezin gelditu,
jakintza eta argia; bide ilunak nekez aurkitu
lege berriak noizpait erditu, hortan jokatuz bizia.
Pertsonen lana jakintza dugu: ezagutuz aldatzea,
naturarekin bat izan eta harremanentan sartzea.
Eta indarrak ongi errotuz, gure sustraiak lurrari lotuz,
bertatikan irautea: EZAREN GUDAN BAIETZA SORTUZ.
ukazioa legetzat hartuz beti aurrera joatea.
Ez dadukanak ongi ahi daki eukitzea zein den ona,
bere premiak bete nahirik beti bizi da pertsona.
Gu ere zerbait ba gera eta gauden tokitik hemendik bertan
saia gaitezen ikusten: amets eroak bazterturikan,
sasi zikiñak behingoz erreta bide on bat aukeratzen.
Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak,
burruka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaska gazteak.
Beren aukeren jabe eraikiz ta erortzean berriro jaikiz
ibiltzen joanen direnak : gertakizunen indar ta argiz
gure ametsa arrazoi garbiz egiztatuko dutenak.
Eta ametsa bilakaturik egiaren antziduri
herri zahar batek bide berritik ekingo dio urduri;
guztian lana guztien esku jasoko dute sendo ta prestu,
beren bizitzen edargai; diru zakarrak bihotzik eztu,
lotuko dute gogor ta hestu haz ez dadin pertsonan gain.