
Nork ez du gogoratzen lehen hilekoa? Tabua zen, ezta? Lagunartean isilik kontatzen genion elkarri. Nori, noiz…Akordatzen naiz konpresarik-eta ez zegoela lehen hilekoa heldu zitzaidanean. Tanpoiak berriz, zer zirenik ere ez. Kopen berri ostera, orain dela gutxi izan nuen. Orduan, “pañuak” deitzen genien toalla txiki batzuk erabiltzen genituen, gero, haiek kontuz garbitu, eskuz, ur berorik erabili barik, eta hurrengo hilekora arte.
Akordatzen naiz laranja jatea txarra zela esaten zigutela. Gutxitan egoten ziren laranjak gurean, egia esan. Txerria hiltzen zen garaian berriz, hilekoa izanez gero, ezin zitzaion okelari ikutu, ezin txorizorik egin, ikutuz gero usteldu egiten ei zen jeneroa. Gaitzerdi, batzuetan libratu egiten ginen desatsegina gertatzen zitzaigun lan hartatik.
Zorionez, urte batzuk igaro ahala konpresak ezagutu genituen, geroago tanpoiak. Hura poza eta askatasuna. Txerri okelari ere lasai ikutzen genion eta ez zen usteltzen. Hori bai, laster konturatu ginen hilekorako produktuak garesti samarrak zirela. Gaur egun aukera gehitu egin da, askotariko produktoak daude, baina garestiak.
Kontuak kontu, oraintsu irakurri dudan berri batek hilekoaren gastuen zama arintzerik badagoela pentsarazi dit. Urtarrilaren 20tik aurrera, Ingalaterran, estatuko diru-laguntza duten eskola eta ikastetxe guztietako ikasleek doan izango dituzte hilekorako produktuak.
Pentsatzekoa da eskolan produktuok doan sartzeak izugarrizko eragina izan dezakeela gazteen hezkuntzan, eskema berri honek eskolara lasai joatea suposa dezakeelako. Izan ere, Erresuma Batuko nesken %40k inoiz komuneko papera erabili behar izan omen dute hilekoa izan dutenean, produktu higieniko egokiak erosteko dirurik izan ez dutelako. Etxean geratzen denik ere ba omen dago.
Neurri berri honek hezkuntza sisteman berdintasun handiagoa lortzeko urrats izugarria ahalbidetuko duelakoan nago. Berri pozgarria benetan, ea gurera ere heltzen den. Berez ez da iritsiko ordea, aldarrikatu egin beharko dugu Ingalaterran egin duten bezala. Ezina ekinez egina.