Frantziako Iraultzak “tabula rasa” egin zuen historiaz, hidronimoz, hots, ibai izenez: Tarn-et-Garone, oronimoz: “Basses Pyrénées”. Bestetik, Saboiako kasuan gorde da baina Iraultza geroztik sartu zelako Frantziako Estatuan.
Espainian ere, lehendabiziko egitasmoan, horrela bataiatu zituzten “Cabo Machichaco”, “Bidasoa”, gure kasuan edota “Odiel y Tinto” (gaurko Huelva probintzia), “Bocas del Ebro” (gaurko Tarragona) eta abar. Gero, 1833ko probintzia banaketan, hiriburuaren izena eman zuten, salbu gure kasuan eta uharteetan, izenak errespetatu zituzten.
Historia da, ene ustez, lehendabizi zaindu behar dena, geografia, baita ere, baina gero. Horregatik “Durangoko Merindadea” ondo esanda dago. Durango ere ongi legoke, eskualdearen izena zelako eta uri nagusiarena “Durangoko Tabira” izan zen berandu arte eta, gaur egun, nahasmendua sortuko bai luke. Horregatik erabiltzen dugu “Durangaldea”, “Durangerri” ere ongi asmatu zuen norbaitek, agian, beranduegi. Bestea zabalduagoa da.
Euskal Herriko kasuan eta Bizkaikoan, bereziki, merindadeen izenak erabili behar dira gehienbat: Arratia esate baterako. Baita Enkartazioak edo Enkarterria (hau, berriagoa) ere, nahiz eta Ezkerraldea, ez da, orain, “enkartadutzat” joten. Uribe merindadea handiegia litzateke, horregatik erabiltzen dira: Uribe Kosta, Uribe Butroe eta abar. Alderantziz. Markinako merindadea txikiegia litzatekeelako, hots, udal bi bakarrik osatuko lukete gaur egun: Markina-Xemein eta Etxebarriak (euskal zaharrontzat, Markinetxebarri). Horregatik, gero eta gehiago ikusten dugu Lea-Artibai izen geografiko hutsa, hamabi udalek osatua.
Izendapen biak konbinatu behar dira, baina, historiari so eginda aurrenik. Geografia naturaleko izen herrikoi bat ere hor dugu “Txorierri” (Tierra o país de pájaros, zioen Unamunko bilbotar famatuak). Busturia merindadeak ere antzerako nahasmendua sortzen du Busturiko Axpe izena ez daramalako udalak. Bedia izeneko merindadeak, Arratiarekin bat egin zuen aspaldi, bi udalek bakarrik osatzen zuten: Lemoak eta Kolaziñoak (hala deitzen dute bertakoek).
Antzeko nahastea sortzen du Zornotzako merindadeak, lau udal ohi eta bost parrokiak osatua: Amorebieta, Etxano, Ibarruri, Gorozika eta Bernagoitia, hain zuzen, gaur lehendabiziko biak udal batu bat hartzen dute; hirugarren eta laugarren elizateak, Zugaztietan elkar hartu beharrean, Muxikak irentsi zituen; bosgarrena ez da sekulan izan udal, nahiz eta intentatu XIX. mendean.
Araba “kuadrilez” osatua zen, baina egungoek ez dute, gehienbat, zerikusirik historikoekin. Gipuzkoak ez zuen izan eskualde historikorik ez eta Lapurdik ere. Zuberoak bai, hiru eskualdeetan zatitua zen. Nafarroako sei merindadeen kasua konplikatuagoa da, erreinu edo estatu izatetik landa, eskualde baino zertxobait handiagoa delako.