Ekaitzez eta ekitaldiz beterik dator ekaina Hitzordu ugari dugu inguruan; Gure Esku Dago, Altsasukoak Aske. Zein baino zein garrantzitsuagoak. Gainezka dugu agenda.
Ekainak 10. “Gure Esku Dago” dinamikan 100.000 lagunetik gora batuko gara, eskutik oratuta, Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen Gizakatean. Durangarrok 3 kilometro beteko ditugu. Oraingoz 1617 lagunek eman dugu izena. Kamisetak ere ehundaka saldu dira.
Gure Esku Irratia ere martxan izango da eguneko gora beherak kontatzeko. 10:00etatik 13:30era
Gainera, Gizakatea amaitu ondoren 13:30etan, eguna borobiltzeko, Plateruena Antzoki ondoan:
- Jokin Garitonandia eta Iban Begoña txalapartariak
- Erika Lagoma eta Igor Elortza bertsolariak
- Jaume Plans eta Nerea Iriarteren agurra
- Plaza Dantzak, txistulari eta trikitilariekin
Ilusioz jardun dugu auzolanean egun hau antolatzen. Ea eguraldia lagun, dena ondo irteten den. Dena den, arantza bat daukat neure barruan. Non utzi ditugu oraingoan nafarrak eta iparraldeko gure neba-arrebak? Tira, ea hurrengoan katea luzatzen dugun.
Ekainak 16. “Altsasukoak Aske”
Euskal Herritik ez eze, Kataluniatik eta Estatuko hainbat herritatik ari dira autobusak antolatzen Iruinera joateko. Nafarroako Gobernuak ere manifestazioan parte hartzeko deialdia egin dio gizarteari. Aurreko manifestazio handia izan bazen, oraingoa ez dut uste makalagoa izango denik.
Ez dugu aitzakiarik. Oraingoan, beste hainbat ekitaldi interesgarri utzi eta Iruiñera joan behar dugulakoan nago, injustizia itzela baita Altsasuko gazteekin egiten ari direna. Ez dago berbarik gertatzen ari denaren tamaina adierazteko.
Sanchezek eta bere kideek ere entzun dezatela Altsasuko gazteekin egiten ari diren injustiziaren aurrean herritarrok dugun jarrera irmoa.
Beste jai eta deialdi asko daude, edozelan be, oraingoan bi hauetara ezin dugu hutsik egin. Ez duzu uste?