
Lilaz jantzi dira gure kale eta inguruak asteburu honetan. Izan ere, Egun esanguratsua dugu Martxoaren 8a: emakume langileen nazioarteko eguna. Aldarrikapen egun gisa sortutakoa Clara Zetkinen proposamenez. 1911an egin zen lehen aldiz Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna, Euskal Herrian ordea 25 urte beranduago hasi ginen, hau da 1976 urtean. Halan da ze, ia 40 urte daramatzagu Euskadiko emakumeok be martxoaren 8an geure eskubideak talde gisa aldarrikatzen, eta harrezkero, zenbat hotz eta zenbat bero.
Hasieran hiriburuetan biltzen ginen, urteokaz ostera herrietan be hainbat ekintza interesgarri antolatzen dira. Azpimarragarria iruditzen zait atzo Durangoko kaleetan barrena egin zen Lilakrosa. Inoizkorik jendetsuena izan baitzen. Ume, gazte zein adineko. Gizon zein emakume. Autoktono zein etorkin. Denok batera ibili ginen arineketan. Hankei eta oinei eragiten nien bitartean itxaropena piztu zitzaidan, horrelako ekintzen bidez ereiten den hasiak fruituak emango dituen itxaropena hain zuzen. Dena den ezin ahaztu gaur ere emakumeon eguna dena, eta bihar, eta etzi. Orain arte lortutakoa asko da. Pauso garrantzitsuak eman ditugu berdintasunaren bidean, baina helmuga urrun dugu. Oraindik urrats asko eman behar ditugu gure helburu hauek betetzeko:
- Emakumearen soldata etxeko bigarren soldata ez izatea.
- Emakumeen lan-eguna bikoitza ez izatea.
- Emakume eta gizonen arteko harreman-eredu berriak sortzea.
- Botere-harremanak baztertzea
- Zaintza-lanak eta ordaindutako lana orekaz banatzea.
- Emakumeen lan baldintza prekarioak hobetzea.
- Ezkutuko lan-merkatuan aritzen diren emakumeen egoera konpontzea.