Juergarik juerga gabiz. Zenbat parranda,
trago, bokata, kantu, dantza! Zer da hau?
Barikutik hona hor gabiz firin-faran. Hori bai,
batzuk behar eta behar, besteok ondo
pasetako. Gatxa da danon gustua egitea baina,
programa zabala eta anitza ez dabenik
antolatu zer deustazue esango, gero!
Beti dago punta edo muturren bat
aurkitzen deutsenik be. Esaterako, ezagun
batek atzo itzelezko sermoia bota eustan
kalean zapiak direla-eta.
Antza, bere kokote sendorako zapi txikiegiak
egin dabez aurten eta gainera
“indarkeria sexistarik ez” zapian
agertzea ez jako bat be ondo jarri. Zergatik
ete da?
Indarkeria arloan harritute utzi ninduten
neska gazteek barikuko “argi
ibili” manifan. Zelako
aldarriak! Ni bat nentorren, baina egia esan, ez
nintzen ausartu aldarri batzuk oihukatzen. Gure
sasoiko errepresioaren alaba naizela uste dot.
Aupa neskak, zuek bai zuek! Bide batez,
eskerrak eta mosu handi bana bidelagun izan
zineten mutil eta gizonoi.
Teklakaz jarraituz, lagun filologo batek
jaiak edo jaidxek idatzi
beharko geunkela esan deust. GUKA txosnan
jaixek ikusi dot. Errosek
jaijek idazten eban. Ai
ama! Filologia ikasten joango naz beharbada
datorren ikasturtean.
Gure jaien izenari
buruz be zelako nahastea: “San Fausto
jaiak”, “San Faustoko
jaiak”, “Durangoko jaiak”.
Ni santuzale ez naizen aldetik, santuak bakean
itxi eta “Durangoko jaiak”
erabiltzearen aldeko naz.
Zezenak dira?
Durangarrek gehien maite duten ikuskizuna ei
da. Gure amak “kalekumeen
dibertsiñoa” esan deutso behi edo
bigantxa jaialdi horri. Aurton gainera aurresku
eta guzti. Ai ene! Gure auzoko batek
holakoetan “pa ver onze hemos
nazido” esaten eban.
Barraketara ez naz joan oindino.
Txikitxuten tiobiboak esan geuntsien, oin
barrakak. Dirudienez nire
jaioterrian (Amorebieta-Etxanon) baino askoz
garestiagoak dira Durangon. Zergatik ete da?
Aitte gazte batek barriz esan deust musika
ozenegia eta erdalduna dagoela barraketan.
Udaletxeko euskara arlokoek beharbada
konponketaren bat aurkituko deutsie datorren
urterako.
Txosnak non?
Pinondon, Landakon… Denon gustua nork
egin? Inposaketa barik, berba eginda be
konpon leikez arlo batzuk, nik uste. Kontuak
kontu, txalogarria txosna gunea antolatu eta
atondu dabenen auzolana eta irudimena.
Eta Durangoko Dantzariak?
horrek bai dotore eta elegantiak.
“Pontxera” dantzariagaz be oroitu
nintzen dantza saioa ikustean, ezin burutik
kendu http://|servidor|/po
ntxera_es_14_25_1296.html
Aizuek, beste hainbat eta hainbat musika,
bertso, antzerki, erromeria, perretxiko,
marmitako etbar be egon dira baina, horretaz
idatzi dabe kazetariek. Beno, eta datorren
astegoiena geratzen jaku. Eutsi goiari, ondo
paseu eta gitxi gasteu, honezkero poltsikoak
be ez dira beterik egongo-eta.