Matematika, gizarte ikasgaiak, hizkuntzak, musika,soinketa??? ohiko lezio horiek guztiak nahiko izango ez balira, ikasle txikienen lepoak eta buruak zamatzen ditugu dantza, txistua, trikitixa, multikirola eta bestelako ikasgai ???erakargarriekin???. Dena omen da beharrezko, eta aldi berean, dena egon daiteke soberan, ziurgabetasunez inguratuta bizi ditugun garaiotan.
Kexu agertu dira Frantziako guraso elkarte batzuk umeei etxera bidaltzen dizkieten lanen gora beheran. Hainbesterako arazoa ikusita, ez dute grebara jotzea baino beste erremediorik ikusi. Umetasuna aldarrikatu dute txikien ikasketei lehentasuna ematean, haurtzaroak berezko duen jolaserako denbora ezerezean geratu omen delako.Osteguneko egunkarian irakurri nuenak zer pentsatua ekarri dit harrezkero eta, egia esan, gaia buelta-bueltaka ibili dudan arren, uste dut orain arte ez naizela irizpide definitibora iritzi.
Gaitza da ebaztea, iritzi kontrajarri bezain distantziakideak nagusitzen direla ikusten badugu. Curriculuma benetan zabala da, eta ikasturtea estu-estu antolatu behar izaten da, ekainaren erdialderako, bulego batean erabaki diren gai guztiak emanda egon behar badira. Etxerako lanak inposatzen dira orduan, eskola umeek legez araututa dauden eduki guztiak bereganatzea nahi bada. Gizarte maila guztietan nahi dugun exijentzia eta bikaintasunak inposatua omen??? Baina, munduko informazio “dena” klik pare batez eskuragarri dugun aldi honetan, ezinbestekoa ote da ehun urteko gerraren inguruabar guztiak buruz jakitea?
Gogoan dut informazioa liburutegietan gordetzen zen aldia -denboraren erlatibotasuna etortzen zait orain gogora, atzo goizean izan zelako sentsazioa baitut. Batzuek- diruz hobeto zeudenek- kolorin ezberdinetako liburu sortak izan ohi zituzten egongeletan informazioz beteak. Gainerakoek auzoko baten etxera edo liburutegira joan behar izaten genuen, eskolan Utrecht-eko itunaren data zehatza edo erromantizismo garaiko idazleen biografiak eskatzen zizkigutenean.
Gauzak ez dira horrenbeste aldatu. Orduan ere, bilatzailerik trebeena -edo agian, informaziorik onena eskuratzerik zuenak lortzen zuen lanik onena. Oraingo garaiotan, edukiak “demokratizatu” egin dira, pertsona guztiek amaraunean sartzeko aukera dutela suposatzen badugu. Arlo honetan ere, suposamenduetara mugatu behar dugu, arrakala digitala, kasu batzuetan, etxean liburuak izatearen eta horren gabeziaren artean ematen zen zubia baino handiagoa izango delako.
Gauzak horrela, gogora ekarri nahiko nuke orain, hezkuntza esparruaren aldetik hainbatetan entzun izan dudana: XXI. mendeko ikasleak eta beharrizanak ditugun arren, kasu askotan XIX. mendeko moldeak erabiltzen jarraitzen dugu. Bitarteko eta baliabideetan eman den aurrerapena izugarria da, eta jauzia gero eta handiagoa izango da geroan; baina batzuetan ematen du edukien lanketan ezer gutxi aldatu dela gure amama eta aititen denboretatik hona. Oraindik be, biderketa taulak buruz ikasi behar dira, eta ortografia akatsak zuzentzea gura badugu, hitzak ikasi arte kopiatzea baino modu hoberik ez dago.