Lehengo egunean lagunak esan eustan
txapela eroateagaitik “Olentzero”
esan eutsiela. Erdi harrituta erdi hasarratuta
esan neutsan ea portuko langileen
txanoa eroan behar dauan edo, akaso, Madril
aldean eroaten dan “boina” hori.
Dana dala, ondo pentsetan badot, ezer txarrik
dauka Olentzero izena jasotzea?
Ni neu Olentzeroren lagun mina naz,
semeak eta lobek ondo baino hobeto dakie
Olentzerok urtero deitzen deustela etxekoen
opariak negoziatzeko. Badakizu, Euskal Herriko
ume eta nagusien opari guztiak antolatzeko
laguntzaileak behar izaten dauz eta etxe
guztietan boluntario batzuk gagoz lan horretan
buru belarri.
Baina, bai autortu behar deutsut
txapelaren kontu horrek nahikotxo sumindu
ninduela. Nire aitak txapela janzten eban
udazkenean euriak hasten ziranetik aurrera eta
jaka lodia txapela baino lehenago erretiretan
eban udabarri partean. Aititek uste dot beti
eroaten ebala, udan be bai, eta eleizara
sartzen zanean kendu egiten eban.
Baina nire aita edo aitite ez dira sekula
Olentzero izan, ezta haren laguntzaile be.
Ardura horreek, gurean, ama eta amamaren
artean banatzen ziran. Zeurean be bai, ez?
Dana dala, aspaldi honetan gero eta gazte
gehiago txapela erabilten hasi dirala ikusi dot,
eta ez bakarrik Gabonetan, Agate
Deunaren egunean edo baserritarrez janztea
horren gustuko dogun egunetan. Inguru
honetan hotzak sartzen diranean umelak eta
gogorrak dira eta medikuek be esaten dabe
hotza burutik eskapetan jakula. Beraz, hobe
dogu estaltzea, eta horretarako txapela lakorik
ez dago.
Modak be gugan eragin handia daukanez,
gehienok hasierako lotsak eta insegurtasunak
albo batean itzi eta neguan berotasuna
gordetzeko txanoa erabilten dogu eta udan
pamela eta bestelako apaingarriak.
Ezkontzetan be, ez zara konturatu beste
denboretako pamela, “tokau” eta
antzekoak erabilten hasi garala? Ba hori…
hemen be oso modazaleak gara.
Nik, neure aitaren antzera, txapela janzten
dot neguko hotzak hasten diranetik eta
udabarriko lorak ikusten hasten garenera arte.
Baina txapela ez dot bakarrik aukeratu polita
edo erosoa izan daitekealako. Ausartuko
banintz, buruko zapia eroango neuke nire
amama Teresak eroaten eban modura. Erosoa
da eta beti zagoz orraztuta.
Gurea dalako aukeratu dot eta orain arte
ez dot hobarik aurkitu. Inork Olentzero esango
baleust badaukat erantzuna ondo prepareta
”Lasai, Olentzero ez naz, baina haren
laguntzailea bai. Eta zu?”.