Mañarian gora, Mugarrako bidean dagoen azkeneko baserrian jaio zen amama Luzia, Juan Bilbao eskualdeko dultzaineroaren emaztea. Iragana nolakoa bizi izan zuen galdetzen diot sarri, eta berak, gaztetan bizitako istorioak kontatzen dizkit. Aldapa malkartsuan gora eta behera ibiltzen ziren salerosketarako, esaterako. Ganaduak emandako esnea saltzera joaten ziren ???baserritik kalera???, eta etekinekin, berriro aldapan gora itzultzen ziren neba-arrebak.
Baserriko ordutegiarekin batera bizi ziren eta animali zein ortuaren beharrizanetara egokitzen zuten euren bizimodua. Baserriak oraindik zutunik irauten du, jada inor bizi ez den arren. Baserria bai, tinko, zutunik dago. Urteetako negu gorriei aurre egin die. Alboan dituen harrobi krudelek parajea aldatu duten arren, baserri hark duen historia ez da oraindik galdu.
Baina konturatu gara, baserriaren eta inguru haren historia gehiena amama Luziak gordetzen duela. Baserriaren atartea, sukaldea, teilatua eta ormak zutunik jarraitzen duten arren, baserriak historian zehar eman duen ondarearen zati handi bat galduz joan da. Eta gehiago galduko da belaunaldi berriek ez badugu nagusien ondarea gordetzeko interesik jartzen.
Lehengo egunean nire loba txikiarekin baserrira joan ginen eta Luziak harrera egin zigun. Momentu batez, hamarkada batzuk atzera egin genuen. Zinean moduan, zuri beltzean ikusi nuen unea. Eta amama umeari hurrengo abestia kantatzen hasi zitzaion. Ulertu genuena, ulertu genuen moduan idatziko dut. Kontuan izan, bi pertsonen arteko elkarrizketa bat omen dela, batek galdetu eta besteak erantzun egiten dio. Umeak altzoan hartuta abesten omen da. Ahots bakoitza ahapaldi batean jarri dut:
Katalamison???
Nundik etorri?
Gaztelutik.
Zer ekarri?
Gaztaie ta ogixe.
Nun itxi?
Arazan ezkutau, txakurrek eta katuek jan.
Txakurre eta katue nun die?
Larrean gora.
Larrea nun da?
Suek erre.
Sue nun da?
Urek amatau.
Ure nun da?
Txalak edan.
Txala nun da?
Bilboko karnizerixan hil.
Haren diruek nun die?
Kartetan gastau.
Kartak nun die?
Horma zuluen gorde.
Horma zuluen ez dau???
Zapi, zapi, zapi!
Abestia guztian zehar, esku biekin aurpegia ferekatu egiten da, goitik behera, eta bukatzean txaloak jotzen dira. Umeak buruz ikasten omen zuten amama Luziaren garaian eta jolaserako balio zuen.
Zutabe honetan jasota geratzea gurako nuke, nahi duenak ikasteko. Doinua ikasteko eskualdeko zaharren bati galdetu beharko diozue. Horixe izango da zutabe honek emango dizuen esperientzia interesgarriena!
Ezin naz esan barik geratu! Zoragarria ekarpena! Esker mila!