Bogada lekuak
oporretako akorduak
opor-osteko ametsak
Gure aittitte-amamek ez zuten oporrik hartzen. Ez zekiten zer ziren oporrak. Lanean igaro zuten bizitza osoa. Gure gurasoek ere bide beretik jarraitu zuten. Gutariko askok ostera, oporrak hartzeko zortea dugu, baita leku berriak ezagutzeko aukera ere.
Aurten Bretainian izan naiz/gara. Paraje ederra. Ondo jagotako inguruak. Bretoiak, hizkuntza zaintzen ez bezala, ondarea eta ingurumena jagoten trebeak direla iruditu zait. Hainbat leku egin zaizkit deigarriak; antzinako egurrezko etxeak, elizak, jauregiak zein gazteluak. Halere, eraikin bakarra aipatu behar banu, Vannes (bretainieraz Gwened) hiriko labaderoa edo bogada lekua aukeratuko nuke. XIX. mendean Marle ibai ertzean eraikia, gida zein postal guztietan agertzen den tokia.
Labadero honek gure aurreko emakumeen lanaz gogoeta egiteko aukea ematen du zalantza barik. Gu umeak ginela gure amak eta inguruko andrak errekara bogada egitera joaten ziren sasoia gogorarazi dit. Buru gainean, koroi bat bailitz, sorkia jarri, eta haren gainean baldekada erropa eramaten zuten andreek errekara. Gure inguruan ez zegoen labaderorik ere.
Durangon ostera bazeuden labaderoak, erreka ertzean, Vannesen bezala, eta oraindik hantxe ditugu. Zaindu barik baina oso samar. Tirso Losak askotan aipatu zuen moduan, uste dut mereziko lukeela labadero horiek eta ingurua atontzea. Batetik, bogada errekan egiten zuten emakume haiei gorazarre egiteko, bestetik, gure gazteek emakumeen aspaldiko lanbide gogor haren berri izan dezaten, baita labadero horiek gure ondarearen parte direlako ere.
Oporretako argazkiei bueltaka, amets egin dut Durangoko labadero horiek konpondu eta atonduko direla, Bizkaiko “ruta de los lavaderos” zerrendan gehitu, eta gainera, bogadeginei (labanderei) eskultura bat egingo zaiela.


Nire baserrixen badau labadero bat. Txikitan hor jolasten gendun. Baine ez bakarrik jolastu, biher zanien maindireak edota mantelak garbitu be.
Eskerrik asko Marisa labanderak gogora ekartiarren.