Atzo hasita zapatura arte egitarau zabala prestatu dute sortzaile eta plateruek, laugarren urtez, Zilar Astea antolatzeko. Lau urte badira ekimen hau abian jarri zenetik. Orduz geroztik, Sarrionandia, bonbardaketa eta 80. hamarkada hartu dira ardatz. Aurten, artea. Zazpi fabrika. Baina, zergatik artea?
Artea gustatzen zait; joaten naiz kontzertuetara, liburuak erosten ditut, antzerkia ikusten dut eta abar. Beti pieza bukatuak erakusten ditugu. Oraindik asko kostatzen zaigu ???work in progress??? delako lan bukatu gabeak jendeaurrean erakustea. Publikoa hezi dugu ikuskizun bukatuak ikusten. Eta hau, askotan, sortzaileen edo artisten kalterako izan da.
Horregatik, aurtengo Zilar Asteko gaia ezinhobeto dator. Proposamena baita, fabrika bakoitzean, pieza bukatuak erakutsi eta hauen inguruan hausnartzeaz gain (erakusketak, mahai inguruak…), pieza amaitu gabeak edo mugimenduan daudenak dastatzeko aukera ere izango duela parte-hartzaileak. Hala, tailerrak eta zuzeneko sormena bezalako aukerak izango ditu hurbiltzen denak. Arte bukatu eta solidoa desitxuratuz apur batez.
Herriarentzat osatutako egitaraua egin da. Herritik eta herriarentzat. Laugarren urtez. Ez bazara aurreko edizioetan Zilar Astera hurbildu, aste honetan daukazu aukera. Eta aurrekoetan izan bazara, ez egin zalantza aurtengoan ere.
Eta gogoratu, San Agustinek ere bere programazioa daukala urte osoan zehar. Arte eta Historia Museoak ere bai, Bibliotekak ere bai, kaleko ekimenek ere bai, Musika Eskolak ere bai, Gaztetxeak ere bai. Eta Plateruenak, ere bai. Eta artea bizirik mantentzeko apustua egin badute, egin dezagun guk apustua haiek bizirik mantentzeko. Eta bide batez, artea ere.