Mailukiak edo marrubiak maiatzeko fruita estimatuak dira. Umetan, basa-mailukiak batu, zirian sartu eta pozarren jaten genituen. Azukre apur bat gehituta, edota ziritik zuzenean. Txikiak, baina zaporetsuak izaten ziren. “Txupetan” jaten genituen.
Gaur egun ostera, ez dago mailuki txiki horien zapore paregabea dastatzeko ohiturarik. Umeei ez diegu batzen ere irakatsi. Are gutxiago zirian sartu eta jaten. Izan ere, merkatuan saltzen dituzten marrubi mardul eta ederrak begietarako erakargarriagoak dira, zaporez askoz eskasagoak badira ere.
Jakin badakigu mailukiak maitzean iristen direla gailurrera, hau da, hil honetan dituztela puri-purian nutriente guztiak, eguzkiaren berotasunak eta hezetasunak bultzatzen baititu garapen egokienera. Mailukia, fruta txikia den arren, janari erregulatzaile oso ona da, bitamina eta mineral asko baititu. Azido folikoa ere ugari. Bitamina horretan aberatsena da. Gogoratu azido folikoaren beharra asko areagotzen dela haurdunaldian, beraz, mailukia oso ona da haurdun daudenentzat.
Halere, larrosek bezala, mailukiek ere badute arantzarik. Batetik, erosten ditugun itxura oneko mailukiek pestizida eta bestelako gai kimikoen hondakinak dauzkate, gure lur eta osasunerako kaltegarri izan daitezkeenak. Horregatik, jan aurretik ondo garbitzea aholkatzen digute, baina nahikoa ote da? Horretaz gain, egun hauetan mailukiak ekoizten diharduten langileen bizi-baldintzak irakurri ondoren jateko gogoa ere gutxitu egiten da.
Zorionez, oraindik gure inguruan, basa-mailukiak ikus daitezke, halanda ze, makurtu, batu eta zirian sartzeko aukera badugu hilabete honetan. Ortu edo lur txatalen bat izanez gero berriz, hobe norberak mailuki batzuk landatu, pestizida barik ekoiztu, inor izorratu barik batu eta gustura jatea. Orturik ezean, balkoian edo terrazan ere, landatuz gero, emango dute fruitua.
Halan zein holan, on egin, eta gura izanez gero, entzun aspaldiko kopla
Neure laztanak yaten deu
mailukiekaz ogie
ostera bere eukiko deu
luze ta linde garrie.
https://www.youtube.com/watch?v=FuDF3IOshj0
Artikuluan aipatu duzun mailuak ekoizten dituzten emakumeen lan egoera gogorra benetan, txarrena agian, sexu abusuak salatu arren, ezer gutxirako balio dutela salaketok, erasotzaileak libre geratzen diren bitartean. Zer ote da “con cargos”?
http://m.publico.es/sociedad/2045429/libertad-con-cargos-para-un-encargado-de-un-cultivo-acusado-de-abusos-sexuales-a-trabajadoras/amp?__twitter_impression=true