Martxoak 9 barikua edo ostirala. Biharamuna. Martxoaren 8aren biharamuna. Biharamun gozoa.
Izan ere, atzo marka guztiak hautsi genituen feministok. Mundu mailako emakumeen greba, Mundiala izatea lortu genuen. Kolosala izan zen atzokoa.
Egun historikoa. Inoizkorik jendetsuenak atzoko manifestazio eta gainontzeko ekitaldiak. Emakume uriola itzela munduko herri, hiriburu eta bazter guztietan. Gurean ere ez ginen atzean geratu. Ez horixe. Nire akorduz ez da inoiz horrenbeste jende mobilizatu Durangon.
Benetan, emakume talde anitza. Lehenengoz parte hartzen zuten gazteen freskotasuna. Adineko emakumeen irribarre konplizea. Tarteko guztion emozioa, zirrara eta ahizpatasuna.
Ederra izan da aurtengo martxoaren zortzia. Antolaketa prozesuan ikasi duguna berriz, ikaragarria. Sendoa ehundu dugun sarea. Orain, gaur kalean jaso dugun babesa eta energia antolatzea eta kudeatzea dagokigu. Erein dugun hazia ureztatzea, elikatzea.
Ezin ahaztu abiapuntuan jarri genituen aldarrikapenak
- Soldata arrakala suntitzea.
- Sexuaren araberako lan banaketa desagertzea
- Lan erreproduktiboak, soldatarik ez dutenak, ikustaraztea.
- Zaintza lana partekatzea. Emakumeoi zaintza lanaren motxila arintzea.
- Kontsumo kateak sortzen duen esplotazioa amaitzea
- Kristalezko sabaiak apurtzea
- Emakumeenganako indarkeria desagertzea
Atzo mundua gelditu genuen, gaurtik aurrera, ezingo gaitu ezerk gelditu, harik eta, gure helburuak lortu arte. Gora borroka feminista. Zorionak feminista guztioi. Besarkada bana.
¿Qué opinas sobre “la transversalidad” de Doña Izaskun y D. Iñigo? Curiosamente es la derecha quien recurre a la palabreja para no mojarse lo suficiente. Betiko moduen, nadar y guardar la ropa.