Maria, 80 urte, gorputzez nahiko ondo dago, baina burua bere gazte denboretara joaten zaio batzuetan ihesi. Etxean geratu baino, nahiago du berak eguna Nafarroa zentroan eman. Hiru urte daramatza bigarren gaztaro honetan ezagutu duen ikastolara etortzen. Lagun zahar eta berriekin elkartzen da, burua bere tokian mantentzen laguntzen dioten ariketak egiten ditu; baina, ororen gainetik, bere etxe inguruan jarraitzen du, bere alaba eta ilobekin, betiko izan dituen auzokoekin. Eguneko Zentrokoa, berak ordaintzen du, bere diruarekin, bere gizonak eta biok berrogeita bost urtetan kotizatutakoari esker, pentsio izenez jasotzen duen soldatarekin.
Aste honetako predikua izan da pentsioen gora beheran. Zentzu honetan, batzuetan ematen du hainbat handikirentzat pentsioak eta oinarrizko gizarte prestazioak borondate onez ematen diren eskupekoak direla, soberan dagoena banatzea dela. Gaurko pentsioak gaurko soldatekin ordaintzen direla argudiatzen dutenei esango nieke, oraingo lanpostuak, oraingo bizimodua, une honetan pentsioa jasotzen dutenek eginiko esfortzuaren oinarrian eraiki direla.Eskubidea beraz, ondo irabazitakoa.
Pentsioak kalte egiteko arma gisa erabili izan dute Espainia aldetik, Aseguru Sozialaren eta pentsioen kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoaren ardurapean utzi beharko litzatekeelako aldarriari, erantzun oldarkorra emateko; eta, nola ez, etorkizunera begira, Euskadik beste estatus politiko berria izateko posibilitateak ematen dien beldurra uxatzeko. Euskadi buru aske batean pentsioak arriskutan egongo liratekeela bota dute lasai, baieztapen horiek gizarte talderik ahulenetakoari egiten dien minaz ondo jabetuta. Hitzak ondo neurtzen dituzte batzuek, baina asmo okerrenarekin. Demagogia doilorra.
Gazteentzat lanak duen besteko garrantzia dute pentsioek gure nagusientzat. Bizitza oso bateko lanaren fruitu dira, ondo merezitako deskantsua. Predikurik zitalena da alargun eta erretiratuak mehatxatzeko erabiltzen dena. Herritarrari beldurra eragitea da, lehenagoko denboretan, infernuarekin mehatxatzen gintuzten moduan.
Hala eta guztiz ere, hausnarketa une batean ezarri nuen behin, gizarte heldu batek bere txikienak, ahulenak, nagusienak zaindu eta babesteko derrigorra duela. Pertsona heldu baten derrigorra den neurri berean, bere etxeko txiki, nagusi eta ahulak defendatzeko eta zaintzeko betebeharra duen neurri berean. Gizarteak ” heldu” izena irabazi nahi badu, hazi zuena babestu beharrean aurkitzen da ezinbestean, eta egiteko horretaz ez gara libratuko diruz eskas egonda ere, etxean estu bizi bagara ere. Gizalegea da.
Neure etxeko handienak txikienari esan dio inoiz, bere gizonarekin egin zuen lanetik bizi dela orain. Oraingo nagusiak dira lehengo gazte langileak. Urtetan eginiko lanean irabazitakoaren zati handi bat eman zuten, erretiroan duintasunez bizi ahal izateko, eta duintasuna da oraingo langileok zor dieguna.