Akordatzen naiz, umea nintzela, nire unibertsoko tren geltoki guztietan, hau da, jaioterritik Bilborainokoetan, komunak zeudela. “Retretes” errotulua zeukaten. Etxola txikiak ziren. Batzuetan ez ziren garbi egoten, baina behintzat barruko larrialdietatik libratzeko aukera ematen zuten.
Geltokian ez eze, treneko kotxe guztietan zegoen zelan halako komuna. Hori bai, komun hotzak ziren, zuzenean trenbidera joaten ziren gure txis eta eginkariak. Nahiz eta ipurdia hotzitu, umetan eta gaztetxotan erabilgarriak bezain barregarriak iruditzen zitzaizkigun komun aireztatu haiek.
Egia esan, aspaldiko kontuak dira horiek. Gaur egun ez da retrete berba erabili ere egiten. Zaharkitua dago. Gure haurtzarokoak baino geltoki dotoreagoak ditugu. Tren hobeak, azkarragoak, baina beti ez da erraza izaten trenean komuna aurkitzea. Treneko kotxe guztiek ez dute komunik eta zenbait geltokitan ez dago “retrete”rik. Esate baterako, Durangoko tren geltoki erraldoiak, nik dakidala, ez dauka komunik.
Jakin badakit, ez dagoena zuritzen ahalegintzen direla zenbaitzuk. Adibidez, gure herriko alkateordeak 2018ko maiatzaren 30eko osoko bilkuran, tren geltokiko komunei buruz honakoak esan zituen “las instalaciones tienen baño, lo que pasa es que están cerrados porque fueron destrozados por actos vandálicos y hay que pedir la llave”, “si hay baños”, “están a 20 metros exactamente de donde se expenden los billetes, bien señalizados, toda pertsona usuaria puede acceder a ellos”.
Antza, alkateordeari ahaztu egin zitzaion esatea komun horiek denda orduetan zeudela erabilgarri. Eta gainontzeko orduetan? Denda itxita dagoen ordu guztietan? Kasurako, Erregen-egunean, agure bat hurbildu zitzaidan geltokian komuna non zegoen galdetzera. Esan nion Durangoko geltokiko komunari buruz dakidana, entzundakoa eta neuk ikusitakoa.
– Ostidxe. Orain itxita dagozela? Ez dala denda ordua? – Erantzun zidan berak.
Inpotentziak eragindako negar anpuluak ikusi nituen gizonaren begietan, prakak berriz goitik behera bustita.
Herri handinahi atzeratu honetan bizitzea tokatu zaigula pentsatzen dut horrelakoetan. Destinu petrala gurea
Herri handinahi atzeratu honetan bizitzea tokatu zaigula pentsatzen dut horrelakoetan. Destinu petrala gurea
Ni be larri aurkitu nintzen zapatuan. Bilboko Alde Zaharreko geltokian ez nuen retreterik ez komunik aurkitu, inguruko taberna batera joan behar izan nuen. Lehen, Atxuriko aspaldiko geltokiko komunetatik pasatzen ginen, behin baino gehiagotan, trenera sartu aurretik. Orain ostera, geltoki berri eta modernoak baina komunik ez. Aurrera ala atzera goaz? Gero eta pertsona zahar gehiago gaude, eta komun gutxiago. Norantz doa gizarte hau?
Gizon gizajoa. Ea alkateordea konturatzen den eta irtenbideren bat bilatzeko ahalegina egiten den.