Aurreko urteetan lez, Santa Ageda koplak kantatuko ditugu Durangoko Aramotz auzo eta inguruan. Aurten barikuz irtengo gara. Otsailaren 1ean. Koplak abestu ostean berriz, elkarrekin monjorra izango dugu.
Egun aldaketaz berbetan, gazte batek zera galdetu dit: Noizkoa da ohitura hau? Nongoa zen Ageda?
Irakurritakoa kontatu diot. Agata Catanian, Sizilian, jaio zen 230. urtean. Tradizioak dioenez, Agata etxe oneko neska oso ederra zen eta Quinciano gobernadoreak berarekin ezkondu nahi zuen, baina Agatak muzin egin zion harekin ezkontzeari eta Quincianok kartzelatu egin zuen, mendeku gisa. Kartzelan bularrak moztu eta hil arteko torturak sufritu zituen. 251. urteko otsailaren 5ean hil zen espetxean.
Agata gaur egun Cataniako katedralak hartzen duen lekuan ehortzi zuten eta kristaua zenez, Elizak martiri eta santa izendatu eta otsailaren 5a aukeratu zuen bera omentzeko. Ondoren, Cataniako santaren izena lau haizetara zabaldu zen eta leku askotan gogoratzen dute gaurko egunez.
Sinesmendunek hainbat mendez dei egin diote bularretako gaixotasunak sendatze aldera Agata edo Santa Agedari. Esate baterako, Gurutze Arregi durangarrak jaso zuenez, bularretan arazoak zituzten edo esne gutxi zuten Bizkaiko emakumeak Dimako Agate Deunaren ermitara joaten ziren.
Beste zenbait tokitan, Salamancan eta Zamoran adibidez, emakumeen elkarteek udalaren aginte makila jasotzen dute eta ospakizun handiak izaten dira Agataren omenez. Segovian, Burgosen, Castellón zein Jaenen ere jai handia izaten da otsailaren 5ean.
Halere, makilak astinduz, kantuan etxerik etxe edo kalerik kale dirua batzen ibiltzea Euskal Herriko ohitura da, antza. Hemendik kanpora ez dut horrelakorik egiten denik aurkitu behintzat. Dirudienez, ospakizunak bere sustraiak kristautasuna zabaldu aurreko garaietan dauzka. Aditu batzuen iritziz, Agataren inguruko festek zerikusi handia dute inauteriekin, inauste edo kimatze garaiko erritoekin.
Kristautasuna Euskal Herrira zabaldu zenean, Elizak aurreko errito eta ospakizunak bereganatu eta itxura berri bat eman zien. Lehengo errituak eta Santa Agedaren omenezko ospakizunak nahastu egin ziren. Bi erritu edo jai horien gurutzaketatik omen dator gaur egungo gure ohitura.
Edozelan be, Agataren erailketa krudela gogoratzean gure herrietako komisaldegietan titiburuak erre dizkietan emakumeak datozkit burura. Zenbat Agata, Agate edo Ageda ote ditugu gaur egun ere gure inguruan? Zenbat emakume hil ote ditu matxismoak ezetz esatearren?
Halan zein holan, Cataniako Agataren edo bertokoen omenez kantatzen jarraituko dugu, betiko kopla zein berriak sortuz.
Anboto. 7etan Aramotz auzoko 13. portale aurrean hitzordua. Erdu. Erduzie
Ze ordutan eta non hasiko zarie?