Pasa den astean Ameriketako Estatu Batuetan gorputz osoko eskanerrak jarriko dituztela jakinerazi zen hainbat komunikabideetan. Estatu seguritatea bermatzeko neurria da batzuen iritziz eta beste batzuentzat, eskubide zibilen kontrako jarrera.
Detroiteko atentatu saiakeratik, alerta egoeran daude Ameriketako Estatu Batuak. Lehendik ere zorrotzak ziren aireportuetako kontrolak; baina eraso terroristen mamuak berritu direnetik, segurtasun neurriak are gehiago gogortu behar dira. Estatuaren seguritatea arrisku bizian egon daiteke. Beste batzuentzat, gizakiak bere intimitaterako duen eskubidearen kontra doa.
Iritzi kontrajarriak eta eztabaida piztuta Europako Batasunean. Ameriketako Estatu Batuetan izan duen eragina ez da ezagutzen baina aldeko eta kontrako jarrerak entzungo ziren.
EBko estatuei eskaner horiek jartzea galarazten dien araurik ez dago eta dagoeneko frogan jarri dituzte zenbait aireportuetan. Erabileraren inguruan araudi europearrik ez dagoenez, estatu kideek erabil ditzakete estatuko edo Europako legediak debekatu ezean.
Italia eskanerrak jartzearen alde dago Erroma eta Milango aireportuetan. Britainia Handiak sistema martxan jarriko duela iragarri zuen. Estatu espainolean, aldiz, ez da neurri gehigarririk ezarriko Europako Batasunaren baitan gaiari buruzko akordiorik lotzen ez den bitartean.
Estatu bakoitzak bere iritzia du eta estatu-buruak ados jartzen ez diren bitartean, “estatu seguritatea”-ren izenean jarritako neurrien ondorio latzak bidaraiek jaso beharko dituzte.
Bost edo sei ordu lehenago aireportuan egon beharko dute zenbait bidaiarik. Han gosaldu beharko dute, han bazkaldu, eta diru mordo bat gastatu aireportuetako denda dotoreetan. Han lo egin behar duenik ere izango da. Uff! Hau da sufrimendua! Dendarientzat berriz, negozio ederra.
Ze nolako egoerak biziko dira gure aireportuetan oinarrizko eskubideak urra ditzaketen neurriak indarrean jartzen dituztenean? Hegaldiak galdu, erreklamazioak, tramiteak, jende ilarak, umeen negarrak, poliziaren miaketak, kontrolak…
Badator berriro ere, eraso terroristen mamua. Seguritatea, gizakiak intimitaterako duen eskubidearen kaltetan. Halere, badaude okerrago dutenek; Pakistango, Sudan, Arabia Saudi, Libano eta Kuba bezalako beste bederatzi herrialdeetako bidaiariek. AEBak osatutako zerrenda beltz batean egongo direnez, bertaratzeko aukerarik ez dute izango.
Gauzak horrela, eta hegazkina garraiorik erosoena eta seguritate handikoa dela jakin da ere, aurrerantzean bizikletaz bidaiatzea hobe izango da.