Udako solstizioa, urteko egunik luzeena eta gaurik laburrena. Jatorrian udaren etorrerari lotutako jaia. Gurean, kristautasunaren aurretiko usadioa. Halere, kristautasuna hedatu ahala, erabat paganoak ziren ohitura hauei, Elizak nortasun erlijioso bat eman zien eta San Joan Batailatzailearen egunera pasatu ziren ospakizunak.
Gaur egun ekainaren 23an, San Joan bezpera gauean, hasten dira leku askotan udako solstizio jaiak. Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan ospatzen da udaren etorrera egun horretan. Sua izaten da magiaren parte handia sortu duena. Baserrietan, sasi eta belar txarrak ere erretzen dira, holako berbak esanez:
- “Sasiak eta sapoak erre, erre/ artoak eta gariak, gorde, gorde”
Gaur egun herri askotan debekua jarri duten arren, suaren gainetik salto egiteko ohitura ere gurean oso erroturik egon da. Tradizioen arabera, suak duen garbitze ahalmenagatik, suaren gainetik salto egiteak, gorputza garbitzeko balio omen zuen.
Landareek ere garrantzi handia izan dute Udako Solstizioaren ospakizunean. Baserrietan lizar adarrak jartzen ziren eta oraindik jartzen dira etxea babestuta mantentzeko.
Urak ere bazuen bere protagonismoa. Udako solstisioan iturrietara hurbildu eta bainuak hartzeko ohitura ere ba omen zegoen, gorputza garbitzeko, zein osasuna lortzeko asmoarekin. Gaur egun, San Joan goizean biluzik garoak hartzen dituen lagun bat ere ezagutzen dut.
Halan zein holan, tradizio paganoen eta kristauen nahasketatik sortutako udako solstizio jai honek badauka bere magia. Gau magiko honetan erre ditzagun erre beharreko belar eta solte dabiltzan pizti txarrak eta disfruta dezagun. Gora udako solstizioa
Ez da erraza izango zuk aipatzen dituzun “solte dabiltzan pizti txarrak” erretzea, halere, oraintsu solte utzi dituzten 5 pizti irudikatzen dituzten panpinak erretzeko asmoa dute gaur Galiziako herri batean.