Gaur egungo gertaera desberdinak entzun eta ikusi ondoren bizitza latz honetan sufrimenduaren balioaz gogoeta egitea gustatuko litzaidake.’Alakrana’ itsasontzia bahitu dutenean marinelen sufrimenduari buruz hitz egiten dugu. Horrela, Espainiako gobernua bere geldotasunetik mugitu egin da. Haidarrren gose greba dela eta, beraren eta bere herriaren sufrimendua esparru guztietan agertzen da, Marokoko gobernuaren aldetik aurrerapausoren bat lortu nahian.
Badirudi, gizakiaren edo gizartearen aldarrikapenak sufrimenduren ikuspuntutik lortu behar direla edo beste modura esanda, justizia sufrimenduaren eskutik datorrela. Beraz, esaten denean, gaur egungo gizartearen gaixotasunik handiena sufrimenduari uko egitea dela ez da txantxetakoa.
Hala ere, badago beste motako sufrimendua, gaixotasunari dagokiona, pertsonala eta bakoitzaren ibilbidea zuzentzen duena. Osasuna galtzeak, neurri handi batean, bizitza galtzea esan nahi du, bizitzatik aparkatua izatea. Gaixo daudenen mundua beste mundu bat da, eta beraien erreferentzia eta eduki-baloreak bestelakoak dira.
Baina, hor ere bere alde positiboa agertzen zaigu. Aspaldian irakurritako testu batean islatzen zaigu jarrera hau. Xabier Leterenak dira eta bera eta bere emaztea, Lourdes Iriondo, batera gaixotu zirenekoak dira: ???Bizitzaren une batean konturatu nintzen (konturatu ginen) plazerrak eta gozamenak baino gehiago lotzen dituela bi pertsona gaixotasunak, sufrimenduak eta porrotak. Nik hori nire esperientziaren ondorio bezala esaten dut. Hala ere, ikuspuntu hori batzuei ez zaie gustatzen. Irainduak sentitzen dira bizitzaren alderdi ilunetaz mintzatzen bazara???.
Bakoitzak bere ondorioak atera ditzala.