Azken boladan modan jarri da SUPER
berba erabiltzea superlatiboa adierazoteko.
Gazte zein hain gazte ez garenok zeozer
nabarmendu gure dogunean erraz joten dogu
SUPER graduatzailea erabiltzera. Super gora
eta super behera ibiltzen gara sarri edo,
lantzean behin.
Ez dakit moda, moderno izan nahia, edo
zer den gertatzen jakun baina, edozelan be,
inguruko guztiak ez dodaz sakuto berean
sartuko. Badaukat lagun on bat superlatiboa
maiz erabiltzen dauena baina behin be ez
deutsat “super” berba entzun. Bai
ostera honelakoak:
-Zer mutil, pozik?
Bai horixe, pozarren, oso pozik,
poz-pozik.
-Ondo gabiz? Ederto, itzel, ondo
baino hobeto, hobeto ezin, katue eguzki
epeletan baino hobeto, ondo be ondo, hobeto
gurebez (gura be ez).
-Pelikula ona? Itzela, ederra, ona
be ona, sekulakoa!
-Dotore etorri da? Inoiz baino
dotoreago, sekula baino dotoreago, inoizkorik
dotoreen.
Ez dakit Lizundia gure Euskaltzain jaunaren
iritzia zein izango den baina, nik uste, batez be
hedabideetan eta jendaurrean aritzen direnek
kontu izan beharko leukiela moda barriekaz.
Izan be, kanpoko maileguei leku egitea ez
dago txarto baina, etxean be badoguz tresnak
besteenak kopiatu barik.
Gure hizkuntza zaharrak hainbat baliabide
egoki daukaz. Liburuetan agertzen direnez
gain, gure guraso edo aurrekoei entzuteak be
lagunduko deuskulakoan nago.