Beti gazte bizi behar omen
dugu gaur egun. Adinaren aztarna
guztiak erraz ezkutatzen dira eta
“gaztetasuna” buruan
eramaten dela esatea dugu
gustuko. Zahartzaroa gure
egutegietatik kendu badugu eta
heldutasunera sartzeko
eginahalak egiten baditugu, zer
ezabatuko dugu hurrengo?
Nire iraganeko gazte
denboretaz hitz egin nion lehengo
batean medikuari, eta harrituta
begiratu zidan “gaztea zara
oraindik” aurpegiratuta.
Agian, nire kintakoa zelako edo,
oraindik ez zegoen bere burua
hurrengo bizitza faserako urratsa
emateko prest. Agian, gaztetasuna
“buruan” eramaten
dela pentsatzen dutenetakoa
da.
Umea-gaztea-heldua-zaharra.
Horrela ikusten dut nik bizitzaren
mailaketa, eta aldi bakoitzak du
bere denbora beharrezko bezain
mugatua. Arazo handiegirik ez
dugu lehenengotik bigarrenerako
jauzia egiteko, baina
gaztarotik aurrerako
urratsak gogorregi egiten zaizkigu
aspaldi honetan.
Gaztetasunezko oihala jarri
dugu adina ezkutatu nahirik,
eta ez gara ohartu giharren
indarra eta azalaren
leuntasuna beren gorenean
dauden aldi horretan, esperientzia
dugula eskasen. Eta ,
jaun–andreok,
eskarmentua da naturak
emaniko dohainak nola erabili
behar ditugun esaten diguna.
Adinak berez dakartzan
ondorioen gogortasuna
minimizatzea guztiz ulergarria da,
mundua mundu denetik itxuraz
arduratzen garelako, eta
medikuntzako eta teknologiako
aurrerapenek erraz jartzen
digutelako. Ilea urdintzen hasten
denean naturan ez dauden kolorez
tindatzen dugu eta ikusten
eta ukitzen ez ditugun gauzetan
sinesteko prest ez gauden arren,
edozein mirari irentsiko genuke
karakolaren hondarrez
egindako kremak gauetik egunera
zimurrak kentzen dituela agintzen
badigute. Kanpotik gazteak
bagara , garrantzirik ote du
zenbaki batek?
Baina, zer ote da buruan gazte
mantentzea? Pentsatzen ote dugu
buruz gazte mantentze hutsak
botere eta ahalmen amaigabeak
emango dizkigula?
Nik neuk behitzat, susmoa dut
ustezko “urrezko
aroan” gelditu nahi
dugula gainditu gabeko
aurreiritziak ditugulako.
Heldutasun edo
zahartzaroari berezko ohore eta
duintasuna kenduko diegu urteek
ekartzen diguten zubia igarotzeko
prest ez bagaude. Ez al dugu
bizirik jarraitu nahi? Ba,
horretarako ezinbesteko dugu
urteak betetzea, eta adinez
adinerako jauzia egitea.
Hala ulertu dute behintzat
Catalunyako maisu eta maistra
erretiratu batzuek. Oraingo
teknologia eta metodologiak
baztertu gabe, antzina ipuinak
ezagutzeko moduetara
bueltatzea erabaki dute erretiro
ostean hartu duten borondatezko
lanari ekiteko orduan. Beren web
gunean adierazten dutenez,
zaharra izan behar da ipuinek
eskaini ahal dutena behar bezala
ulertzeko. Eurak harro
daude… eta ni ere bai!!!