Semeak galdetu dio aitari
Aita, kontaidazu, zelan jaio
nintzen ni?
Zikoinak ekarri zintuen, seme-
erantzun dio aitak
Baina aitatxo -galdetu du
semeak- munduan hainbeste
emakume egonda, zergatik
elkartu zinen zikoinarekin?
Zur eta lur utzi ninduten
barikuan, ikastolan gizakien
ugalketa jorratzen ari direlarik,
hamar urteko mutiko bi, sexu
harremanen etika oinarrizkoenaren
inguruan eztabaidatzen ikusi
nituenean. Harridurak bidea eman
zion laster poztasunari,
biharko gizon-emakumeak
ondo hazi eta hezteko bidea hartu
dugulako sentsazioa izan nuenean.
Lehenagoko denboretan -nire
kasuan hogeita hamar urte inguru-
gorputzaren biologia naturala
azaltzen zenean, azaletik eta
gaiaren funtsari inoiz heldu gabe
egiten zen.
Halako gertakarien aurrean
hasten dira gurasoak, atzoko
umea nerabezaroan sartzen hasiko
zaiela konturatzen. Askorentzat,
orduan hasten dira buruko minak,
eta geure burua
“moderno” jotzen
dugun arren, tabua da oraindik eta
gehiegi dira oraindik neska
nerabeen haurdunaldiak,
gehiegitxo ere badira sexu
erasoak. Kontu horietan ere,
zerotik aurrerako zenbaki guztiak
dira gehiegi.
Gizarte helduak nerabe eta
gazteei eskatzen die sexu bizitzan
arduratsu joka dezatela, baina
gehiegitan arduragabe jokatzen du
espero den sexualtasun arduratsua
lortzeko. Nire lehengo denboretan
bezala, orain ere curriculumaren
ikasgaietako bat da, eta askoz ere
naturalago jorratzen da, baina
gauza gehiegi daude gaur
gizartean kontrakoa esaten
digutenak. Kontua gaindituta
egongo balitz ez litzateke
bortxakeriarik ez sexu jazarpenik
gertatuko , eta zoritxarrez,
oraindik ere, gure neska eta
mutilei gauza gozagarri bakarra
borondatezkoa dela irakasteaz
gain, behin eta berriz
gogoratu behar diegu
ezetzaren esanahi bakar eta
egiazkoa.
Nagusion artean gai honen
inguruan dagoen kezkarik
nagusienetakoa da gazteek beren
sexualtasuna nola bizi ote duten.
Ardura da espero eta exijitzen
dena, baina, arduraz jokatzen ote
dugu guk gaiari heltzeko orduan?
Helduontzat -eta gaia jorratzen
hasi baino lehen onartu beharko
dugu hau- gogor egiten zaigu
nerabeen sexu harremanaz
aritzea. Suposatu egin nahi dugu
halakorik ez dutela, badutela
susmatzen dugun arren.
Gehiegitan, gezur samurra bilatzen
dugu egia gordina estaltzeko, eta
halakorik egiten ez
dugunean ere, EZETZAREN
pedagogian oinarritzen dugu
irakasbidea, gaizki ulertuak eta
txarto eginak behin eta berriz
errepikatzea eraginez.
Sexualtasun irekia, egian
oinarritua, sexualtasun benetan
arduratsurako balore eta jarrera
positiboak garatuta lortu beharko
litzateke. Agian, XXI. mendeko
erronka izango da hori, eskola,
familia eta gizarte osoak bat
eginik, sexualtasuna, bizitza eta
afektibotasun adierazpen gisa
hartzeko politika eta programak
garatzea alegia. Hala bedi… denon
onerako.