Gerediaga elkarteak eta Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak ‘Oraingoz izen gabe’ eta ‘Errementari’ filmak eskainiko dituzte zapatu arratsaldean, Durangaldeko historian esanahi handia duen Abadiñoko Gerediagako foru-zelaian. Emanaldiak doan izango dira.
Lehenengoz egingo den egitasmo horrekin urtero kultur ekitaldi bat egiteko asmoari ekingo diote antolatzaileek, “XIX. mendean Merinaldeko ‘legebiltzarra’ izan zen lekua bisitatzeko” aitzakiaren harira.
Emanaldian ikusgai jarriko den lehenengo pelikula Jose Julian Bakedano zuzendari durangarraren ‘Oraingoz izen gabe’ izango da. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera ikusgai egongo den filma horretako protagonistak Iro Landaluze abadiñarra eta Felix Arkarazo durangarra izan ziren, aktore taldean Elene Lizarralde, Jose Luis Iriondo eta Jesus Eguzkiza ‘Eguzki’ atxondarra izan zirela, besteak beste.
Bi anaia eta emagaldua
Bakedanok 1986an estreinatutako pelikula Jose Luis Borges idazle argentinarraren ‘La Intrusa’ izenburuko ipuinean oinarritzen bada ere, gidoia Bernardo Atxagak idatzi zuen. Pelikulako protagonistak baserrian elkarrekin bizi diren bi anaia dira eta, egun baten emagaldu bati ostatua emango diote, anaien bizimodua eta harremana goitik behera aldatuz.
Emanaldiaren ostean solasalditxoa hasiko da pelikularen gora-beherak kontatzeko.
Iragarritako bigarren emanaldia, Paul Urkijoren ‘Errementari’ hain zuzen, iluntzeko 20:00etan hasiko da. Iaz estreinatutako filmean Eneko Sagardoy eta lehenengoz aktore lanak egin zituen Uma Bracaglia durangarrak azaltzen dira akotoreen artean, baita eskualdeko Nahia Garcia, Haizea Garcia eta Eloi Ruiz de Erentxun umeak ere.
‘Patxi Errementaria’ ipuin klasikoan oinarritutako pelikula hau Lehenengo Gerra Karlistaren amaieran kokatzen da. Komisario batek Arabako herrixka baten izandako gertakari bat ikertzen dabilela, Patxi izeneko errementari bakarti batengana helduko da.
Bi filmeak ahozko eta lekuan lekuko euskaran grabatutakoak dira. Jose Julian Bakedanorena eskualdeko euskaran eta Paul Urkijok Araban galdutako euskalki baten trazako euskara erabili zuen. Jatorrizko hizkuntzan, baina gaztelerara azpi-idatziekin emango dira bi pelikulak.