Elorrioko Ferixa Nausikoak antolatzen dituen jai batzordeak Berrio-Otxoa Abesbatza eta Erdella Mendizale Taldea aukeratu ditu ospakizunei hasiera emateko. Izan ere, bi taldeek beraien sorreraren 50. urteurrena ospatzen ari dira eta “oso eskertuta” hartu dute jaiei hasiera emateko ohorea.
Bi taldeek kontuan izango dituzte talde bakoitza sortu zuten pertsonak, eta udaletxeko balkoian gaur egungo partaideak eta bazkideak izango badira ere, sortzaileek jasoko dute protagonismo osoa.
Protagonistak
Abesbatzaren aldetik, “hasiera-hasieratik taldeko kideak diren Maria Angeles Egidazu, Jose Luis Agirre eta Rosi Arkarazo izango dira protagonistak, gainontzeko taldekideok ere inguruan izango bagara ere”, Susana Ruperezen esanetan. Mendizale taldearen ordezkariak berriz, “bi bazkide beterano eta beste bi gazte” aukeratu dituzte Alain Valentin taldekideak adierazi duenez.
Talde bien historia ‘ofizialak’ mende erdia bete dutela badio ere, Berrio-Otxoaren kasuan, “taldea lehenago hasi zela esan beharra dago, eta 50. urteurrena erregistratu eta legeztatu zen urteari dagokio”.
“Parrokiako korutik alde egin zuen emakume talde batek sortu zuen abesbatza, eta lehen urteetan zuzendaria Sabin Alonso izan bazen zuzendaria, Juanito Gallastegi abadeak bultzada handia eman zion”, Ruperezen arabera.
Loraldia
Erdellari dagokionez, “loraldia bizitzen ari garela esan genezake”, izan ere “Elorrioko herritarren %10 inguru taldeko bazkidea” delako, Valentinek dioenez. “Guretzat oso inportantea da hori mantentzea”.
Hala ere, Covid-19aren ondoren, ohitura aldaketa nabarmendu dute bazkideen artean. “Lehen, Erdellak zituen bazkideek asteburuko irteerak zituzten gogoko, baina gaur egunekoek nahiago dituzte eguneko irteerak egitea”.
Mendizaleek eta abeslariek ohiko zereginak albo batera utziko dituzte gaur arratsaldean, eta, tarte batez bada ere, pregoia irakurri eta txupinazoa piztuko dute. Eta eginbehar horiek, batzuentzat zein besteentzat, “ohorea izango dira”, aitortzen dutenez.