
Otxandioko elkarte, eragile eta herritarrak izango dute protagonismoa datorren larunbatean, apirilak 18, herriko hainbat guneetan ospatuko den Euskaraz Bizi Egunean. Euskal Herrian Euskarazek antolatutako jaiak adin guztietakoentzako interesgarriak izango diren ekitaldiak iragartzeaz gain, mugitzeko gonbitea luzatzen die bertaratzen direnei, musika izango baita eguneko osagai nagusia.
Herri mugimenduko eragile euskaltzaleak Otxandio herri euskalduna aukeratu du urteroko jaia ospatzeko, “euskararen arnasgune txikia bezain euskaldunon babesgune handia” delako eta “euskararen alde egoteaz gain, euskararen alde egiteko prest” dagoelako.
Euskaraz Bizi Egunak egitarau zabala eskainiko du, egun osoan zehar giro ederra sortzeko asmoz. Egunean zehar kale animazioak eta ikuskizun ezberdinez gain, haurrentzako tailer eta jolasak, 500 lagun ingururentzako herri-bazkaria, kantu-poteoa eta dantza saioak izango dira, besteak beste.
Bazkalostetik aurrera musika eta dantza izango dira berriz protagonista. Fredi Paia eta konpainiaren Gibelurdinek taldearen emanaldiaren ostean Urduri Dantza taldearen eta Batukotx batukadaren ikuskizunak izango dira.
Egunari bukaera emateko, aldiz, Luhartz, Gozategi eta Governors taldeen ekitaldiak eta DJ Elepuntoren saioak izango dira.
Egitaraua:
• Mirugain mendi-taldearekin mendi-irteera 9.00ak inguruan (ondoren dutxa hartzeko aukera dago).
• Soinubil kantu-poteoa.
• Txistulariak.
• Urdax Magunazelaia harri-jasotzailearen erakustaldia.
• Euskal Border artzainek ardiekin egiten duten gisako erakustaldia, baina antzarrekin.
• Haurrentzako puzgarriak, tailerrak eta jolasak (Kimuak-ekin).
• 14.00etan: Ekitalditxoa.
• 14.30ean:Herri-bazkaria 500 lagunentzako.
• Gibelurdinak taldea (bazkalostean).
• Bulkano FT-ren partida.
• Urduri dantza taldea.
• Batukotx (batukada, kale animazioa arratsalde eta iluntzean).
• Kontzertuak: Luhartz, Gozategi, Governors.
• DJ Elepunto (Gaztetxean, gauean).