
Durangaldean hasiko da 2017ko udaberrian ‘Batzuk’ goiburuarekin egingo den Korrika; Otxandion hain zuzen. AEK antolatutako ekimenak 20. edizioa beteko du aurten eta antolatzaileek 1980. urtean Korrika sortu zutenek egindako lana aitortzea erabaki dute, beraiek izango baitira aurtengo omenduak.
Korrikaren 20. edizioa martxoaren 30ean Otxandiotik abiatuko da eta apirilaren 9an amaituko da Iruñean, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo Korrikaren arduradunak Donostiako San Telmo museoan egindako aurkezpenean ezagutzera eman zutenez.
Aurtengo edizioaren leloa ‘Batzuk’ izango da eta hitz horrekin “hizkuntza, kultura eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna irudikatu” nahi dutela adierazi dute antolatzaileek. Azken edizioetan egin den bezala, aurten ere hitzekin jolastu dute; hain zuzen ‘Bat’ eta ‘zuk’ hitzekin, “hizkuntzen eta hiztunen berdintasunaren aldeko jaira” gonbidatuz.
“Hizkuntza, kultura, mundu ‘Bat’ sendotzeko bidean, ‘Zuk’ ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun: ikasiz, erabiliz, ahalbidetuz”, adierazi du Amondok.
Euskararen normalizaziorako ezinbestekoa da helduen espazioek ere euskaraz funtzionatzea eta Mugikaren esanetan “horretan da AEKren urteotako zeregin nagusia”. Dena den “oraindik ere euskaltegiei zuzendutako baliabideak ez nahikoak dira”, adierazi du.
Korrikaren sortzaileak
Edizio honek Korrikaren sortzaileak omenduko ditu, 1980. urtean “ideia zoragarri bezain zoroa” izan zutenak hain zuzen. Aitzindari haiek sortutako ekimena “euskararen aldeko ekintzarik handiena eta parte-hartzaileena” bilakatu da.
Lehen Korrikak “Euskal Herria euskalduntzea zuen helburu” eta orain ere “bere horretan jarraitzen du xede horrek, bizirik, pil-pilean, euskarak oraindik ez duelako egoera normaldua bizi”. Baina, eskuz esku joaten den lekukoak ez du etenaldirik izan, AEK-k “Euskal Herriko txoko guztietara zabaldu nahi izan duelako euskararen aldarria”.