Otxandioko Eusko Alderdi Jeltzaleak inkesta bat banatu du herriko etxe guztietan herritarren premia eta lehentasunak ezagutzeko. Erabat anonimoa den galdetegi horretan, otxandiarrek beraien “kezkak eta proposamenak” azaltzeko aukera izango dute, maiatzeko udal hauteskundeetako EAJko hautagaia izango den Beñat Gorosperen esanetan.
Inkestaren bidez herritarren beharrizanak ezagutu ahal izango dira, besteak beste kultura, etxebizitza, kirola, gazteria, garraio publikoa eta abar arloetan. “Azken finean, helburu nagusia da Otxandio herri hobea egitea” da, Gorosperen esanetan.
Nahiz eta herritar guztiak dauden gonbidatuta galdetegiari erantzuteko, alderdi jeltzaleak dei berezia egiten die udalerriko gazteei, “asko eskaintzeko eta proposatzeko” dutelako. Beraiek esan behar dutena eta beraien nahiak eta beharrizanak “gure helburuetan sartzeko” asmoa dutelako.
EAJren inkestan hiru galdera nagusi azaltzen dira. Lehenengoan herri-garapenean herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaien artean aukeratu behar dute; bigarrenean, zein ekimen edo ekintza proposatzen duten aipatutako kezkei aurre egiteko eta, azkenean, zeintzuk diren udalerriaren lehentasunak. Bertan agertzen diren proposamenak EAJak Otxandion aurkeztuko duen egitasmoan islatuko dituela azaltzen du Gorospek.
Galdetegia bete ondoren, Correos-en edozein postontzitan utz daiteke eta ez du frankeatzeko beharrik. Gainera, Otxandioko EAJrekin harremanetan jarri nahi duen edonork eajpnvotxandio@gmail.com helbidera idatzi dezake, iradokizunak eta proposamenak bidaliz. Mezu guztiak “pertsonalki jaso eta goitik behera denak aztertuko” dituela dio Gorospek.