Durangaldeko Rio de Oro Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako 8. jaialdia ospatuko da maiatzaren 20an. Landako Gunean eta Plateruena kultur aterpean egingo diren ekitaldiak egun osoko egitaraua beteko dute.
Gaztetxoak izango dira goizeko protagonistak, Landako gunearen kanpoaldean 11:00etatik aurrera puzgarrietan jolasteko eta sushi tailerretan parte hartzeko aukera izango baitute. Ordu horretan hasiko da paella txapelketa ere, eta parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea Durangoko Arkarazo edo Iurretako Gauargi tabernetan.
Eguerdian, Saharako kultura gerturatuko duten dantzak ikusteaz gain, herri hartako tea eta pastak dastatu ahal izango dira. Bertan jarriko den erakusketa bisitatzeko aukera ere egongo da.
Arratsaldeko 17:00etan Taberna Ibiltaria taldeak eskainiko duen agerraldia hasiko da, eta egitarauari amaiera emateko bertsioen lehiaketa egongo da Plateruenan. Ekitaldian, Berri Txarrak, Gatillazo, Muse, Red Hot Chili Peppers, Danko Jones, Los Piojos, Gatibu, Ibil Bedi, The Beatles edo Joan Jett & The Blackheart taldeen bertsioak entzuteko aukera egongo da, eta bertaratzeko beharrezkoa da 10 euro balio duen sarrera erostea Arkarazo tabernan edo Kutxabanken webgunean.