Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Pantailak Euskaraz’ ekimenari buruzko informazioa eta prestakuntza uztartuko dituen saio informatiboa antolatu du gaur arratsalderako. Hitzaldia 18:00etan izango da Zelaietako auditoriumean eta hizlariak Patxo Larrinoa eta Mikel Izagirre izango dira.
Larrinoak eta ‘Zer non ikusi’ atariaren sortzailea den Eizagirrek plataforma digitaletan euskarak bizi duen egoeraren ikuspegi zehatza eskainiko dute. Gainera, pantailekiko eguneroko interakzioetan hizkuntzaren presentzia areagotzeko diseinatutako hainbat baliabide eta estrategia aurkeztuko dituzte. Tresna horiek eremu digitalean euskararako sarbidea zabaltzeaz gain, herritarren artean euskararen erabilera aktiboa sustatzera bideratuta daude.
‘Pantailak euskaraz’ ekimenak hainbat urte daramatza lanean “gure eguneroko bizitzako pantailetan euskararen presentzia areagotzeko, bai lan-eremuan, bai aisialdian”, antolatzaileen esanetan.
‘Pantailak Euskaraz’ ekimenak euskarari dagokion lekua eman nahi dio; izan ere, “aro digitalak aldatu egin du informazioarekin eta entretenimenduarekin elkarreragiteko modua, eta pantailak konstante bihurtu dira gure bizitzetan”. Beraz, euskara plataforma digitaletan sartzearen garrantzia azpimarratzeaz gain, erabilera eta babesa sustatzeko ahaleginean dihardu.
Hitzaldia euskaraz egingo bada ere, gaztelaniarako interpretazio-zerbitzua eskainiko zaie eskatzen dutenei. Zerbitzu hori erabiltzeko, interesdunek Telegram aplikazioa deskargatu beharko dute gailu mugikorretan, eta entzungailuak erabili beharko dituzte.