Durangoko San Agustin Kultur Guneak domekan emango dio hasiera 2017-2018 denboraldiari, Behibi’s konpainiak 18:00etatik aurrera taularatuko duen ‘Egunen batean’ ikuskizun familiarrarekin. Heziketa inklusiboan oinarritutako ikuskizuna Abadiñon bizi izan zen Patricia Franco antzezleak taularatuko du.
Francok berak Lierni Fresnedo zuzendariarekin batera idatzitako antzezlana Isabelle Carrierek idatzitako ‘Lorenzoren ontzia’ ipuinaren moldaketa da. Aniztasuna tratatzen duen ikuskizunaren abiapuntua, denok desberdinak garela pentsatzea denok berdinak garela pentsatzea baino asko ere aberasgarriagoa delakoan datza.
Gozatzeko, hausnartzeko eta zirrara sentitzera gonbidatzen duen lana gauzatzeko pertxak, arropa edo euritakoa bezalako objektu xumeekin baliatzen da antzezlea.
Tresna horien bidez, desberdina sentitzen den pertsonaren emozioetara hurbiltzen du ikuslea, bere haserrea, amorrazioa, mina edo etsipena agerian utziz. Horrez gain, desberdintasun horien aurrean ‘normalek’ duten beldurra, errefusa, trufa edo onarpena bezalako sentimenduak ere agerian geratzen dira.
Agerraldia erabilitako arropa biltegi baten kokatzen da. Moda aldaketak direla eta, erabilitako arropak baztertu egiten dira alferrikakoak direlako, behartuta gauden berdintasun mingarriaren metafora eskainiz.