
Arriola Antzokiko Jazz Blues jaialdiaren 27. edizioak ohikoak diren zazpi kontzertu iragartzen ditu ekimena burutuko den bi asteburuetan banatuta. Jazza eta blues doinuak txandakatzen dituen ekimen honetako izan nagusia Chicagon jaio eta egun Parisen bizi den Boney Fields izango da.
Hiru agerraldi izango dira gaurtik zapatura bitartean. Jaialdiari hasiera emango dion kontzertua bihar izango da, Petti & Etxeko Uztak eskainiko duten kontzertuarekin. Berako musikariarekin alboan izango diren Joseba Irazoki (gitarra), Igor Telletxea (bateria) eta Iñigo Telletxeak (baxua) lagunduta, folk blues eta folk-rock doinuetan oinarritutako piezak eskainiko dituzte.
Juan de Diego tronpetari bilbotarrak gidatzen duen hirukotea izango da barikuko protagonista. Egun Bartzelonan bizi den musikariak Joe Smith (bateria) eta Dani Pérez (gitarra) izango ditu taldekide, aurten bertan argitaratu duen ‘Uda labur hori’ diskoa aurkezteko. Lan horretan hunkitzen duten doinuak tartekatzen dira.
The Allnighters taldeak borobilduko ditu lehen asteburuko agerraldiak zapatuan eskainiko duen kontzertuarekin. Gasteizen sortutako taldea hamarkada bat egin eta gero desegin bazen ere 2013an bueltatu ziren agertokietara.
Aurtengo otsailean ‘Everything is Changing’ LPa grabatu dute eta bertan 50. urteetako boogiea aho-soinuarekin, 60. urteetako soula eta rhythm & blues cool-ena eta 70.hamarkada amaierako pub-rocka jotzen dute.
Bidaia lisergikoa
Muchachos Afrobeat Band-en agerraldiarekin berrabiaraziko da jaialdia datorren asteko eguenean. Seikoteak entzulegoa gozarazteko helburua du, bidaia lisergiko baten murgilduz. Horretarako ethiojazz, cumbia edo afrobeat tradizionalean oinarritutako doinuak eskainiko dituzte.
Jazza eta rockaren artean kokatzen duten jazz-garaikidea lantzen duen The Machetazo 5tet izango da hurrengo barikuko protagonista. Taldekideak Euskal Herriko goi‐mailako musika ikastegian (Musikene) gradudunak dira instrumentu ezberdinekin. 2014an Herbeheretara eta New Yorkera lekualdatuta The Machetazo proiektuari forma ematen hasi ziren.
Boney Fields Band izango da Arriolan izango den azken kontzertuko protagonista. Chicagon jaio eta egun Parisen bizi den musikariak, blues funketik rockera doan musika espektro zabalean oinarritutako agerraldia eskainiko du zapatuan. Gainera, The Bones Projet ekimen musikala garatzen ari da egun.
Fields, Buddy Guy, Albert King edo Junior Wells tamainako artistak entzutera joaten zen bere hiriko klubetara 70. hamarkadan. 80ko hamarkadan bera hasi zen jotzen, eta Los Angelesera joan bazen Smokey Wilson eta Albert Collinsekin jotzeko, Chicagora itzuli zen The James Cotton Blues Bandarekin eta bertan bere nerabezaroko idoloekin jotzeko aukera baliatu zuen.
Azkaiter Pelox-ek Portalekua tabernan emango duen agerraldiarekin amaituko da aurtengo jaialdia domekan. Unai Azkarate gitarra-jotzaile bergararra buru duen taldea, Aitor Aranburu (bateria) eta Ion Zabaletarekin (baxua) osatzen da. Azkarate Ingalaterra, Katalunia, Eskozia eta Irlandan zehar biran ibili eta gero, gaur egun Euskal Herriko talde ezberdinekin joten ari da.