Banner en desktop Banner en moviles
Contra el Cancer Bizkaia
Dendak Bai
Iurretako Udala
Amorebieta-Etxanoko Udala

Pinondon lehertuko da jaia

 

Sermond'sek kantu berriak prestatzeko etenaldia hasiko du gaurko kontzertuaren ostean. (Argazkia: Amaia Zaitegi)
Sermond’sek kantu berriak prestatzeko etenaldia hasiko du gaurko kontzertuaren ostean. (Argazkia: Amaia Zaitegi)

Udaletxeko balkoitik San Fausto jaiei hasiera emango dien txupinazoa jaurti orduko, Pinondoko txosnagunean piztuko dute jaietako lehen suziria gaur bertan, iluntzeko bederatzietan. Aldez aurretik kalejira izango da Tukatutaka taldeak lagunduta eta ondoren Sorginola gaztetxeko kideek piztuko duten txupinazoarekin emango diote hasiera urriaren 23ra arte jarraituko duten ospakizunei.  

Txosangunean jarritako agertokian Durango eta eskualdeko musika taldeek hartuko dute protagonismo osoa jaietako lehen bi egunetan. Gaur, hamarretatik aurrera, Mocker’s, Nevadah eta Sermond’s taldeen ekitaldiak izango dira eta bihar bederatzi taldek hartuko dute parte herriko musika taldeen maratoian.

Gaur joko duten hiru taldeek ilusioz hartu dute txosna batzordetik jasotako gonbitea, beraientzat aukera paregabea baita herritarren aurrean jotzea. Gainera, pozgarria da hirurentzat agertoki berean aritzea eta egiten duten musika familia, lagun eta ezagunen aurrean jo ahal izatea.

Mocker’s hirukoteko kideak diren Ritxi (gitarra), Jon (ahotsa eta baxua) eta Asierrek (bateria) sei urte daramatzate musikagintzan eta 2011n maketa bat grabatu ondoren iaz kaleratu zuten lehen diskoa, hain zuzen Durangaldeko taldeen lehiaketa irabazi ostean. Hirukoteak argi zuen ordurako ‘Percute animas’ lana argitaratuko zuela eta “lehiaketan lortutako diruak diskoa ordaintzen lagundu zigun”, Ritxiren esanetan.

Gaurko ekitaldian disko horretako kantuak zein “datorren urtean grabatu nahi dugun diskoan tartekatuko ditugun kantu berriak” eskaintzeko asmoa agertu dute. Ingelesez abestutako kantuetan rock’n roll klasikoa, hard rocka eta bluesak hartzen dute protagonismoa, gogokoak baitituzte 60 eta 70. hamarkadako erritmoak eta Led Zeppelin edo Deep Purple bezalako taldeen eragina.

Urteurrena

Iaz eskainitako lehen kontzertuaren urteurrena ospatuko du Nevadah boskoteak, 2015eko udan sortu ondoren lehen agerraldia eman baitzuten sanfaustoetan. Jon Agirrebeitia (gitarra) Liher (gitarra), Jokin (baxua), Pello (bateria) eta Jon Agirre kantariak osatutako taldeak emango duen ekitaldian, pare bat hilabete barru kaleratuko duten maketan grabatuko dituzten kantuak joko dituzte.

Orain dela urte bete eman zuen Nevadah taldeak bere lehen kontzertua. (Argazkia: Peio Agirre)
Orain dela urte bete eman zuen Nevadah taldeak bere lehen kontzertua. (Argazkia: Peio Agirre)

Ingelesez zein euskaraz abestutako errepertorioa, punk-rock, garajeko rock-and-rolla, oi!, stoner eta blues estiloetan oinarritzen da. “Kantu berriak sortzerakoan taldekide batek egindako proposamena izaten da oinarria, baina guztion ekarpenekin moldatzen ditugu”, Pelloren esanetan. Gainera, taldekideen gustuak Dr. Feelgood edo J.J. Cale klasikoetatik Hellacopters bezalako taldeetara zabaltzen direnez, aniztasun hori abesti berrietan islatzen da “baina dena naturaltasunez irteten da”.

Agertokian egongo diren hiru taldeetatik beteranoena Sermond’s da, 2009an eman baitzituen lehen urratsak, azken bizpahiru urteetan laukote formatua duena baina sorreran boskotea zela.

Gaur egun Iñigo (gitarra), Koldo (baxua), Jon (bateria) eta Egoitz kantariak osatzen duten laukoteak lau disko argitaratu ditu: ‘Azken bala’ (2010), ‘Amaiera hasieran dator’ (2011), ‘Bidegurutzea’ (2014) eta ‘Libelula’ (2015), “azken bietan boskote izatetik laukotea izatera egon den trantsizioa nabarmentzen dela” Jonen esanetan.

Punk-rock doinuak nagusitzen baziren taldearen hasierako abestietan, sotoner ukitua duten erritmoekin uztartu dituzte azken boladan egindako kantuak. Laukotearen sorkuntzetan Queens of the Stone Age, Hellacopters, Sex Pistols, Ramones edo Iggy Pop bezalako musikarien eragina aitortzen dute.

Pinondon “kontzertu on bat emateko ahalegina” egingo dutela adierazi ondoren, “kantu berriak sortzeko etenaldia” iragarri dute Sermond’sekoek. Gaurko agerraldian orain arte argitaratutako diskoei errepasoa egingo diote, arreta berezia emanez ‘Libelula’n tartekatutako kantuei. Gainera, “sorpresaren bat” tartekatzeko asmoa ere aurreratu du Jonek.

Txupinazo udaletxean

Txupinazo ofiziala bihar, 13.00etan, piztuko dute Gurutze Gorriko boluntarioek, baina horren aurretik hainbat ekitaldi izango dira goizean zehar. 10.00etatik aurrera promoziozko zaldi salto lasterketa egongo da Zuhatzola parkean; Durango Uriko III. areto-futbol saria jokatuko da Landako kiroldegia; umeentzako tailerrak izango dira txosnagunean eta argazki onenen eta Durango Irratiak antolatutako San Fausto jaiak gaia duten lehiaketak ere hasiko dira.

‘Percute animas’ diskoko abestiak eta kantu berriak eskainiko dituzte Mocker'sekoek. (Argazkia: Sara Estebez)
‘Percute animas’ diskoko abestiak eta kantu berriak eskainiko dituzte Mocker’sekoek. (Argazkia: Sara Estebez)

Eguerdiko 12.00etan ongi etorria egingo diote Patxikotxuri San Fausto auzoan eta ondoren Udaletxe plazaraino joango den koadrilen jaitsiera hasiko da, Adiskideak fanfarria eta buruhandiek lagunduta. Alde zaharrean erraldoiak eta buruhandiak ibiliko dira han-hemenka eta txupinazoaren ostean Txosna batzordeak prestatutako oilasko errearen dastaketa egongo da Andra Marin.

Arratsaldean Cultural eta Pasaiaren arteko futbol partidua jokatuko da Tabiran, entzierro txikia egingo dute Santa Anan eta Tio Teronen Semeak taldeak dantza ikuskizuna eskainiko du Ezkurdin.

Herriko musika taldeen maratoia

Musikaz eta dantzaz beteko dira gainontzeko orduak. Arratsaldeko 17.30ean herriko musika taldeen maratoia hasiko da txosnagunean, agertokian Clown, The Van, K-Anormales, Putos Bastardos, Hora 13, Kohatu, Dark Hellon, Saliva rock n roll eta Azkenaukera izango direla bata bestearen jarraian.

Alde zaharretik Batunkandra taldea ibiliko da kalez-kale eta San Fauston dantzaldia egongo da. Ezkurdin Luhartz taldearen ekitaldiak izango dira arratsaldean eta gauean; dantza ikastaroa egongo da txosnagunean eta Deabru Beltzak konpainiak piroteknia eta perkusioa uztartzen dituen ‘Tambors de feu’ ikuskizuna abiatuko du Santa Ana plaza.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados