
Euskaltegi eta kalearen arteko zubi lana egiten duen Berbalagun egitasmoaren edizio berri bat hasi dute dagoeneko Durangaldeko euskaltegiek eta Hizkuntza Eskolak. Ekimenaren eragileek ‘Praktikatu eta bizi!’ lelopean egingo den 2017-2018 ikasturtea parte hartzeko eta euskaraz gozatzeko gonbitea egin dute.
Berbalagun egitasmoan edozeinek har dezake parte, euskaldun zahar, euskaltegiko ikasle zein euskaraz mintzatu edo ikasi nahi dutenek. Iaz 200 pertsonek parte hartu zuten “eta aurreikuspenen arabera aurtengo datuak ere ez direla makalak izango”, eragileen esanetan.
Ikasitako euskara praktikatzeaz gain, partaideek jende berria ezagutu, euskararen munduan murgildu eta, azken finean, euskaraz bizitzeko aukera izango dute. Izan ere, partaideei eta gainontzeko herritarrei zuzendutako ekintza osagarriak antolatzen dira eta urtero egin ohi diren kultur lehiaketa edo mintzodromoaz gain, aurten bestelako ekintza batzuk ere aurreikusita daude, besteak beste, ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, lehiaketak eta irteerak.
Antolatutako ekimenetan doan parte hartu ahal izateaz gain, Berbalagun guztiek bidaia eta egonaldietarako deskontuak, AIZU! eta Argia aldizkariak eta Berria egunkaria merkeago eta beste hainbat abantaila eskuratu ahalko dituzte.
2017-2018ko Berbalagun ekimenean parte hartu nahi dutenek Durangaldeko AEK euskaltegietan, Durangoko Udal Euskaltegian, Hizkuntza Eskolan, Udaletako euskara zerbitzuetan edo kultur etxeetan izena eman behar dute, baita 639 400 786 telefonoan edo durangaldea@aek.org e-mailean. Informazioa gehiago nahi duenak www.durangaldea.blogspot.com blog-a bisitatu dezake.
cuando estas en un grupo de berbalagun es importante que haya una persona por parte de los organizadores de berbalagun para que estos grupos no se dispersen, y cuando llevas unos años no aparece nadie una pena…..