Gaur eguerdian piztuko den txupinazo txikia Kurutziaga ikastolari dagokio aurten, eta ekitaldi horren ardura Inhar, Lea eta Jare ikasleek izango dute.
-Zein ikasturtekoak zarete? edo Zenbat urte dituzue?
-LH6ko ikasleak gara eta 11 urte bete ditugu aurten.
-Ikastolako ikasle guztiek nahi izango zuten txupinazoa piztea, ezta? Baina ezinezkoa da eta aukeraketa egin behar izan da. Zelan egin zenuten aukeraketa?
-LH6ko geletan eman ziguten aukera eta nahi genuen guztiok eman ahal izan genuen izena. Gero gela bakoitzeko ordezkari bat aukeratu zuten irakasleek zozketaz.
-Pozik aukeratuak izateagatik?
-Oso pozik gaude eta harro sentitzen gara ikastolaren ordezkariak izateagatik.
-Eta urduri?
-Oso urduri gaude ardura handia delako, baina gure familiak eta irakasleak guri laguntzen egoteak asko lasaitzen gaitu.
-Idatzi duzue pregoian esango duzuena? Zeozer aurreratzerik bai?
-Pregoian euskarari egiten zaio erreferentzia batez ere, euskarak guretzat duen garrantziari.
-San Fausto jaietan eskolako zereginak alde batera utziko dituzue. Pozik horregatik?
-Oso pozik gaude lanak utzi eta ondo pasatuko dugulako.
-Zer gustatzen zaizue gehien jaietatik?
-Batez ere lagunekin egotea eta barraketara joatea gustatzen zaigu.
-Eta gutxien?
-Kaleko zikinkeria ez zaigu bat ere gustatzen, jendeak edozein lekutan egiten du txiza eta lurra oso zikina egoten da. Herria zaindu behar dugu jaietan ere.
-Zeozer gehiago gehituko zeniokete jai egitarauari?
-Ez genuke beste ezer gehituko, nahiko osoa dela uste dugu.