
Durangoko Berbaro elkarteak urteroko ohiturari jarraipena emango dio abenduaren 30ean Plateruena Kafe Antzokian ospatuko duen Urteko Azken Bertso Saioarekin. Agerraldia 22:00etan hasiko da.
Ekitaldian puntako bertsolariak bilduko dira, agertokian gaur egungo Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna den Maialen Lujanbio izango baita, eta bere aldamenean Onintza Enbeita, Igor Elortza, Oihana Iguaran, Unai Iturriaga eta Aitor Bizkarra izango dira. Gai-jartzaile lanetan Maite Berriozabal arituko da.
Sarrerak Berbaroren bulegoan eta Plateruenan daude salgai, Berbaroko bazkideentzat 5euroko prezioan, eta gainontzekoentzat 10eurotan.