San Fausto jaien egitarauan urtero egiten den bertso saioak puntako bertsolariak bilduko ditu aurten ere. Gaur gaueko 22:30ean San Agustin Kultur Gunean izango den ekitaldian Euskal Herriko, Iparraldeko zein Bizkaiko txapeldunak kantatuko dute.
Partaideen artean Euskal Herriko Txapelketa gehien irabazi dituen Andoni Egaña izango da, zarauztarrak lau aldiz jantzi baitu irabazlearen txapela zazpi finaletan izan ondoren. Bere alboan Txapelketa Nagusiaren finalean bost aldiz egon eta behin txapela jantzi duen Sebastian Lizaso egongo da.
Gipuzkoar bien aldamenean Txapelketa Nagusiko azken edizioetan ohikoak diren bi bertsolari izango dira. Alde batetik, bost finaletan egon den eta iaz jokatutako txapelketan hirugarren postua lortu zuen Sustrai Colina azalduko da, eta bestalde, lau aldiz finala jokatu eta 2013an hirugarren postua lortu zuen Igor Elortza durangarra egongo da. Colinak birritan irabazi du Iparraldeko Xilaba txapelketa eta Elortzak bost aldiz jantzi du txapela Bizkaikoan.
Emakumeek bertsolaritzan duten presentzia gero eta azpimarragarriagoa dela baieztatzeko Amaia Agirre eta Alaia Martin izango dira seikotea osatzen. Amasa-Villabonako Amaia Agirre, Gipuzkoako txapelketaren finalera heldu zen 2003an eta Alaia Martin oiartzuarra berriz, Txapelketa Nagusiaren finalaurreko bitara heldu da eta 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan bigarrena izan zen.
Saioko gai-jartzailea Jon Zaldua izango da.