Abadiñoko Gerediaga auzoak Salbadore jaiak ospatuko ditu asteburuan, eta barikutik domekara gauzatuko den egitarauan jarduera gastronomikoak, musika ekitaldiak eta bertsolariak nabarmenduko dira.
Bi urteko etenaldiaren ondoren, Gerediaga auzoko jai batzordeak berreskuratutako jaien egitaraua barikuan abiatuko da, iluntzeko 20:00etan jasoko den Donien atxa ipinita eta txapligu hotsarekin. Ondoren, bertaratzen direnek, jai batzordeak Euskal Okela egindako gisatua dastatzeko aukera izango dute eta 20:30ean Noaingo Los Cazahuates mariatxiak girotutako erromeria hasiko da.
Eguerdian emango den mezarekin eta amaieran egingo den lore bedeinkazioarekin hasiko dira zapatuko ospakizunak. Jarraian, Hamabi Harri taldeko dantzarien saioa hasiko da eta, ohi denez, aurreskua eta atzeskua dantzatuko dira.
Bertsolariak
Dantza saioa amaitu ondoren, Lander eta Jon Ander trikitilariek girotuko duten eguerdiko erromeria hasiko da eta 14:00etan paella lehiaketan parte hartzen dutenek paella-ontziak aurkeztu beharko dituzte. Antolatzaileek 75, 50 eta 35 euroko sariak eta txakolin kutxak banatuko dituzte lehenengo hiru lehiakideen artean eta 20na euroko gainontzeko partaideen artean.
Arratsaldeko zazpietan tortilla txapelketa hasiko da, 60, 40 eta 20 euroko sariak banatuko dituena eta gaueko 22:30ean Maddalen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Nerea Ibarzabal bertsolariek Igor Galartzak proposatutako gaiak abestuko dituzte. Gauerdian, erromeria egongo da Luhartz taldearekin.
Domeka arratsaldean, 120, 70, 50 eta 30 euroko sariak banatuko dituen briska txapelketa egongo da 17:00etatik aurrera eta 18:30etik aurrera umeen jolasak egongo dira. 20:30etik aurrera erromeria egongo da Ansorregi eta Larrañagarekin eta erromeria afaria egingo dute. Afarira joateko beharrezkoa da 626 945 623 telefonoan izena ematea eta bertaratzen direnen artean Mahala otzara bat zozkatuko da.