
Berbaro elkarteak amaitu berri diren San Fausto jaietako ekintzetan erabilitako hizkuntzaren neurketa datuak eman ditu gaur ezagutzera. Horren arabera, 103 ekintza zenbatu dira eta horietatik 55 euskaraz egin dira, 15 ele bitan eta 33 gaztelaniaz.
2019an egindako neurketan jasotako datuekin konparatuta, “bilakaera bide onean doa, eta txalotzekoa da hori horrela izan dadin egin den lana”, Berbaroren arabera. Hala ere, “bidea egiten jarraitu behar da hizkuntzaren arloan aurrerapausoak ematen jarraitzeko” azpimarratu dute.
Ikerketak honetan Jai Batzordeak zein Txosna Batzordeak antolatutako ekintzak zenbatu dituzte batez ere, eta 2019ko datuekin konparatuta euskararen presentziak igoera nabarmena erakusten du, % 35etik % 53ra pasatu baita. Ekitaldi elebidunak, % 24tik % 15era behera egin dute, eta erdarazkoak 9 puntu jaitsi dira, % 41etik % 32ra pasatu baitira.
Igoera nabarmena
Aldaketa nabarmenena Jai Batzordeak antolatutako ekitaldietan eman da. Duela lau urte, euskarazko ekitaldiak % 25a ziren eta aurten bikoiztu egin da % 52ra heldu baita. Igoera nabarmenena umeentzako ekintzetan eman da, % 29tik % 71raino igo baita. Datua “pozgarria” izanda ere, “gogoratu beharra dago 2019ko datuak oso txarrak izan zirela”, txostenean azpimarratzen denez.
Txosnagunean, batez beste, zazpi puntu igo egin da euskararen presentzia, %78raino, eta bertan entzundako musika % 46tik % 69ra igo da.
Berbarok egindako ikerketa hiru irizpide kontuan hartuta egin zen. Alde batetik, hizkuntza izan zuten jarduerak neurtu zituzten; bestalde, ekintza parte hartzaileetan antolatzaile eta dinamizatzaileen hizkuntza erabilera neurtu dute; eta azkenik, ekintza bat uneoro martxan egon bazen, barrakak esaterako, egunean behin egin izan balitz hartu dute kontuan.
Jauzi positiboa
Azken gune horretan erabilitako hizkuntza %100 erdara izan dela adierazten badute ere, “aurrerapauso txikia” eman dela aitortzen dute. Izan ere, “2019an musika guzti-guztia izan zela erdaraz, eta aurten kanta batzuk euskaraz sartu dituztelako”. Gainera, “barraketako prezioen kartelak ere euskaraz ipini” badituzte aurten, “ez da nahikoa izan orokorrean erdaraz egindako ekintza moduan ez sailkatzeko”.
Balorazioaren arabera, “Jai Batzordeak antolatutako ekintzetan oso jauzi positiboa eman dela” eta “2019ko datu txarrei buelta bat ematea” lortu dela azpimarratzen da. Txosna Batzordeak antolatutako ekintzetan ere “euskarazko programazioa apur bat igo” egin bada ere, “benetan esanguratsua dena da urtez urte egitarau ia guztiz euskalduna antolatzen duela”. Umeentzako ekintzetan emandako igoera aipagarria izan arren, “arlo honetan lanean jarraitu behar dela uste dugu, umeentzako programatutako guzti-guztia euskaraz izan dadin.
San Fausto jaietan egindako neurketa “beharrezkoa” dela uste dute Berbaroko kideek, baita “programatzen eta eskaintzen den egitaraua zein hizkuntzatan egin den aztertzen jarraitzea, datuak mahai gainean ipini, eta, aurrera begira, zer hobetu behar den zehaztea”.
Datorren urteko jaiei begira, barrakei “baldintza zehatzak” ezartzea; umeentzako ekintza batzuetan “euskarazko begiraleak” ipintzea exijitzea; eta “ekitaldi publiko eta lehiaketa gastronomikoetan elebitasunetik urrundu eta euskarari zentraltasuna ematea”.