Berbaro Elkarteak hizkuntzaren neurketa egin zuen amaitu berri diren San Fausto jaietan eta behatutako 91 ekintzetatik 37 (%41a) erderaz izan ziren, 32 (%37a) euskaraz eta 22 (%24a) elebitan. Emaitzak aztertuta “Durangoko jaietan programatzen diren ekintzak erdaraz dira gehien bat”, ondorioztatu du elkarteak.
Neurketak arreta berezia jarri zuen umeei zuzendutako ekintzetan eta horren arabera 26 izan ziren gaztetxoentzat antolatutakoak. Berbarokoentzat “bereziki esanguratsua da umeei zuzenduta egin diren ekintzak erdara hutsez izatea gehien bat”, jasotako datuen arabera 13 (%50a) erderaz izan zirelako, 7 (%27a) euskaraz eta 6 (%23a) elebitan.
Barraketan, bereziki umeei zuzendutako dibertsio gunean, “zazpi egunetatik zazpitan” erdera izan zen nagusi, egindako zenbaketaren arabera.
Ekintzetan erabili zen hizkuntza zehazterako orduan, ekintzaren aurkezpena, dinamizazioa, izan zituen euskarriak eta ekintza bera zein hizkuntzatan egin zen hartu zituzten kontuan, ahalik eta elementu gehien kontuan edukitzeko.
Behaketatik ateratako datuak “ez dira onargarriak, eta bereziki larria da umeei zuzendutako ekintzen hizkuntza eskaintza”, Berbarokoen esanetan. Izan ere, datuak ez datoz bat Durangoko ulermen datuekin, EUSTATen azken inkestaren arabera “Durangoko biztanleen %73a euskara ulertzeko gai baita, eta umeen kasuan %97a”. Horregatik “datu hauek iraultzeko garaia” dela uste dute eta “denon artean jaiei buelta bat emateko”.
Egoerak “konponbide erraza dauka” Berbaroren arabera, “aurkezle edo dinamizatzaile euskaldunak ezartzea, itzulpen zerbitzuak eskaintzea, euskal musika eskaintzea barraka edo ekintzetan ipintzeko, eta abar”.