
Korrika eginez agurtuko dute urtea eskualdeko hainbat herritan, gero eta indar gehiago hartzen doazen San Silvestre lasterketak antolatu baitituzte gaurko Durangon, Zornotzan, Abadiñon eta Zaldibarren.
Durangoko Kirolerrota taldeak antolatutako San Silvestreak XII. edizioa beteko du aurten eta ohikoa denez adinaren arabera prestatutako ibilbide desberdinak izango ditu. Lasterketa guztiak Santa Ana plazatik abiatuko dira eta leku berean izango dute helmuga.
0 eta 10 urte bitarteko umeen korrikaldia 17:00etan abiatuko da eta parte hartzaileek Alde Zaharreko kaleetan prestatutako ibilbidea osotuko dute. 11 eta 15 urte bitartekoek ere zirkuito berean egingo dute korrikan. Lasterketa hauetan parte hartzea doakoa izango da.
16 eta 100 urte bitarteko korrikalariek berriz, 5 euro ordainduko dituzte 17:30ean hasiko den proban parte hartzeagatik. Lasterkariek bi buelta eman beharko diote Alde Zaharreko zein Durangoko erdiguneko hainbat kale zeharkatuko dituen zirkuitoari, guztira 5,2 kilometro eginez. Antolatzaileek lasterketako hiru azkarrenak zein mozorro onena janzten duena sarituko dituzte.
Amorebieta-Etxanoko Triatloi Taldeak antolatu du Zornotzako San Silvestre lasterketa eta bertan parte hartzea doakoa izango da. Irteera eta helmuga puntua Zelaieta Parkean egongo da.
Adin desberdinetako zornotzarrak batuko dituen lasterketa familiarra arratsaldeko 16:30ean abiatuko da eta korrikalariek 300 metroko distantzia beteko dute. Korrikaldi nagusiari berriz 16:40ean emango zaio irteera eta parte hartzaileek lau kilometro egin beharko dituzte.
‘Euskal preso eta iheslariak etxera!’ goiburuarekin korrituko da Abadiñoko San Silvestre lasterketa. Korrikalariek eguerdiko 12:00etan abiatuko dira Muntsaratzeko futbito zelaiaren alboan dagoen aterpe ingurutik eta Matienan izango dute helmuga.
Abadiñon prestatutako egitarauak jarraipena izango du arratsaldeko 18:30etatik aurrera egingo den kontzentrazioa, ekitaldia, brindisa eta otzararen zozketarekin.
Seigarren edizioa beteko du Zaldibarren egingo den San Silvestre lasterketak. Arratsaldeko 16:00etan irekiko da izen-ematea Udaletxeko plazan. 16 urtetik beherako parte hartzaileek euro bana ordainduko dute eta adin horretatik gorakoek 3 euro ordainduko dituzte.
Antolatzaileek 17:00etan emango diote irteera 5 kilometroko zirkuitoa beteko duen lasterketari eta amaieran opariak eta zozketak egongo dira.