
Ohiturarekin bat eginez, Durangoko Aramotz auzokoak Santa Ageda koplak abestera irtengo dira datorren asteartean. Euri zein aterri, arratsaldeko 18.30etik 20.30era kantantzen ibiliko dira euren auzo eta inguruan.
“Aspaldiko ohitura honek bizirik dirau gurean, halere, normalean, herri erdigunetik urrun geratzen diren auzoetaraino ez dira kantariak heltzen, horregatik Aramotzekoak euren auzo eta inguruan kantatzera animatu dira”, aurreratu dute auzokoek.
Trikitixa, xaramelak, gitarra eta panderoaren laguntza izango dute Aramotzeko kantariek irteeran. “Ez gara korurik onena izango, baina gogoz eta umoretsu irtengo dugu”, azpimarratu dute.