
???Literatur itzulpenaren kritika. Lehen pausoak??? izeneko lanak eskuratu du Santiago Onaindia bekaren XI. edizioa. Miren Ibarluzea ikertzaile mungiarraren proiektua izan da garailea, itzulpenen kritika akademikoa lortzeko lehenengo urratsak ematea da lan horren helburu nagusia. Ibarluzeak 9.000 euro jasoko ditu eta urte amaierarako amaitu beharko du. Beka Amorebietako Udalak, Labayru ikastegiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen du.
Miren Ibarluzeak aurkeztutako proiektuaren xedea itzulpenaren kritika akademikoranzko lehen pausoak emateko gogoeta egitea da. Literatur itzulpenak geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira euskal literaturan. Itzulpena testua baino zerbait gehiago dela baieztatu du ikerlariak, ???ez da soilik jatorrizko hizkuntzan dagoen testu bat metahizkuntzara pasatzea, faktore askoz gehiago hartu behar dira kontutan, ekonomikoak, sozialak eta kulturalak esatetarako???, itzulpena beraz, jatorrizko testu baten ezaugarri guztiak kontutan hartuta egin behar da. ???Literatur itzulpenaren kritika. Lehen pausoak??? izeneko ikerketan faktore edo eragile horiei begiratuko die.
David Latxaga Amorebietako alkateak bekak duen garrantzia azpimarratu du, ???bi arrazoirengatik, batetik, euskal literaturaren azterlanak bultzatzen dituelako, eta bestetik, Santiago Onaindiaren ibilbidea eta irudia gogoratzen dutelako holako ekimenek.
Aurten hiru proiektu aurkeztu dira, Sara Chamizo kultura zinegotziak argitu duenez, eta Ibarluzearena aukeratu dute, ???proiektu irekia eta ausarta zela bagenekien, baina proiektu honen aldeko apustua egin dugu???.
Epaimahaia euskal literaturaren alorrean adituak diren Ana Toledok, Lourdes Unzuetak eta Miren Atutxak osatu dute, eta Amorebietako Ametx erakundearen izenean Sara Chamizok berak. Proiektua burutzeko 9.000 euro jasoko ditu Ibarluzeak eta urtea amaitu baino lehen bukatu beharko du. 2011an Labayru Ikastegiak Aita Santi Onaindia Beka izeneko bilduman argitaratuko du.
Miren Ibarluzea mungiarra Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua da eta Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzako masterra egiten ari da. Egun Labayru Ikastegiko etnografia sailean lan egiten du, ahozkotasuna eta etnografia lantzeko unitate didaktikoen sorkuntza eta erredakzioan.