Elorrioko Kultur Etxeak Santi Yanizen ‘Bizkaia, Izadi sublimea’ argazki erakusketa hartuko du maiatzaren 2tik 31ra bitartean. Bizkaiko Foru Aldundiaren erakusketa ibiltari honek Gaztelugatxe, Urkiola, Gorbeiako parke naturala eta Tunelbokatik Barrikara arteko itsasaldeko paisaiak begi-bistan jartzen ditu.
Erakusketa 25 argazkiz osatuta dago eta irudi bakoitzaren alboan Yanizek idatzitako testu bat agertzen da. Idatzietan argazkia egiteko teknika eta unea harrapatzeko esperientziak azaltzen ditu.
Yaniz argazkilari eta kazetari bilbotarrak 500.000 iruditik gora ditu bere artxiboan eta gehienetan Euskal Herriko paisaiak, natura eta pertsonaiak agertzen dira.
Estilo soileko argazkilaria izateaz gain nahiago izaten du artefaktu teknikoak saihestu, eta, gehienbat, lurra ikertu, argiak kudeatu eta meteorologiak eskaintzen dizkion une iragankorrei ahalik eta etekinik handiena ateratzea, giro iradokitzaileak lortzeko.
Ibiltari eta bidaiari nekaezin honek gogokoen duen espezialitatea mendia eta paisaia naturalaren irudia lortzea da. Bere lan profesionalaren kokapen nagusia Bizkaia eta Euskal Herria denez, lurralde hauetako bazter guztiak ezagutu ahal izan ditu eta haiek miresteko argiak eta une egokienak ere bai.
Yanizen argazkiek hainbat aldizkari eta liburuetan argitaratutako ehunka egile-lan eta erreportaje ilustratu dituzte.
Yanizen erakusketa goizeko 9:30etik arratsaldeko 8:30ak arte egongo da ikusgai.